Aro berria Lanku Kultur Zerbitzuetan
Hasiera berrien hilabetea izan daiteke iraila, eta hala izan da Lanku Kultur Zerbitzuen kasuan aurten. Berrantolaketa betean dago bertsolaritza eta kultur zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa: bai egiten dituen lan lerroei dagokionez, bai lantaldearen osaketari begira eta baita egoitza aldaketari dagokionez ere. Aldaketok Bertsozale Elkartearen eta Lanku Kultur Zerbitzuen harremana estutzen eta elkarlanean egiten diren proiektu askoren garapena errazten lagunduko dutelakoan gaude. Bertsozale Elkarteak 2018an hasi zuen Gogoeta Estrategikotik eratorritako emaitzetako bat da berrantolaketa hau.
Plazari begira
Lankuk bertso plazan jarriko du lehentasuna. Bertsolarien eta antolatzaileen arteko zubigintza izango da enpresaren egiteko nagusia; hala, saioak antolatzeko zerbitzu integrala eskainiko die antolatzaileei eta bertsolariei. Bertso saioak, emanaldi bereziak, egile eskubideak, saioen ekoizpen lanak eta horiek dakartzaten administrazio-, komunikazio- eta bertsogintzako harremanei lotutako lanak egingo ditu Lankuk; orain arte jorratutako argitalpen eta diseinu lanen lan-lerroa geldituko du horrenbestez.
Bertsozale Elkartean plazari begira lan egiten duen lantaldearekin bat egingo du, beraz, Lankuk, talde bakarra osatuz. Ondorioz, taldearen funtzionamendu egokirako, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parketik Amasa-Villabonako Subijana etxera mugitu da Lanku Kultur Zerbitzuak. Telefono zenbakiari eutsiko dio, edonola ere (+34 943 260755).