Argiaren 100 urteak, bertsolaritzaren begietatik

2019/10/17
Euskal astekaririk zaharrenari eskainiko diogu aste honetako Hitzetik Hortzera. Argiako Estitxu Eizagirrerekin elkartu gara Lasarte-Oriako erredakzioan, eta Donostian antolatu duten mendeurren festan izan gara.

Bertsolaritzari asko eman dio Argiak bere hastapenetatik. 60. hamarkadako Basarriren sail propiotik hasita, hainbat eta hainbat bertsolariren sortak argitaratu dira gaur arte bere orrialdeetan. Txapelketei ere jarraipen bereziak egin izan dizkie, eta bertso saioak beti egon izan dira Argiak antolatutako ekimenetan; aurten ere hala izan da, eta Argiaren mendeurren festan, Beñat Gaztelumendi eta Miren Artetxe aritu dira kantuan Donostiako kaleetan zehar, idatzita iritsi zaigun historia “dekolonizatzen”. Estitxu Eizagirrek hori eta gehiago kontatu dio Eider Perezi Argiako erredakziora egindako bisitan, aspaldiko argazkiz eta artikuluz inguratuta.

Bertso sortak, artistek berrinterpretatuta

Atal berri bat estreinatuko dugu igande honetan Hitzetik Hortzeran: bertso sortez gozatzeko beste modu bat. Musikariei, dantzariei eta ilustratzaileei hainbat bertso sorta eman, eta bakoitzak bere diziplinatik emango diete forma. Musikariak Araitz Bizkai eta Gari Otamendi dira, ilustratzaileak Txakur Gorriako Mariñe Arbeo eta Malen Amenabar, eta dantzariak Lierni Kamio eta Beñat Monfort. Ahotsa Maddalen Arzallusek ipiniko die bertsoei.

Iurretako, Tafallako eta Oreretako saioetan izandako bertsoaldirik aipagarrienak ekarriko ditugu pantailara, baita agendako zenbait iragarpen eta informazio baliagarri ere. Umorezko esketxak ere izango du bere lekua.

Hitzetik Hortzera, igandero, 15:00etan, ETB1en; eta Internetez, EITB Nahieranen.

Estitxu Eizagirrerekin izan da Eider Perez.