Argazkietatik bertsoetara, Hitzetik Hortzera
Sigfrido Koch Bengoechea argazkilari donostiarraren argazki bilduma bat dago egunotan ikusgai San Telmo museoan: Kearen eta lanbroaren artean du izena erakusketak. 1936ko Gerrako argazkiek eta 1948ko Gipuzkoako tradizioenek eta paisaienek osatzen dute 150 argazki batzen dituen bilduma hau.
Lan berezia eskatu zioten Danele Sarriugarteri, eta, erakusketa abiapuntutzat hartuta, bertsotarako gaiak sortu behar izan zituen idazle elgoibartarrak. Erakusketaz, zuri beltzezko argazkiez eta bertsotara gaiak ekartzeko egindako zubi lanaz aritu da solasean Eider Perez aurkezlearekin.
Ondoren, Maialen Lujanbiori eta Miren Amurizari tokatu zitzaien ahotsa jartzea ke, lanbro eta argazki eder guzti horiei, eta San Telmo museoan izan zen saio hartako bertsoaldiak eskainiko ditugu aste honetako Hitzetik Hortzeran.
Arrasatetik Azkoitira
Horrez gain, Arrasateko eta Azkoitiko bertso saioen hautaketa entzuteko aukera ere izango dugu. Denboraldi honetako kuttunen atalean, hainbat bertso-eskolaren eta bertsozaleren herrietatik igaro gara, haien bertsoaldi maiteak zeintzuk diren ezagutzeko. Azken programarako, Aramaioko Aitor Ugartek eta Tolosako Josu Artutxak bertsoaldi bera aukeratu dute.
Hitzetik Hortzera: larunbatean 21:00etan eta igandean 15:00etan, ETB1en; eta edonoiz, EITB Nahieran atarian.