Arantzazu Loidiren bertso-bidea ezagutuko dugu Hitzetik Hortzeran

2016/11/17
Bertso-eskoletako lehenengo belaunaldiko kidea izan zen, Eskolartekoetan saritua izan ondoren plazetan aritua. Bere garaian Apotzagako Elkartean Ainhoa Agirreazaldegirekin eta Jon Sarasuarekin egindako bertsoaldia erreskatatuko dugu. Eta, Arrasate, Eibar eta Iruñeko bertsoak entzuteko aukera ere izango da igande honetan.

Zentzu askotan bide-urratzailea izan zen Arantzazu Loidi aretxabaletarra. Almen Ikastolako bertso-eskolan hasi zen 80ko hamarkadaren hasieran, eta bertso-eskolatik ateratako bertsolarien lehenengo belaunaldiko kidea izan zen. Eskolartekoetan sari ugari eskuratzeaz gain, plazarako saltoa eman zuten lehenengo emakume bertsolarietako bat izan zen, eta Bertsozale Elkartearen lehendabiziko urteetan ere lan handia egin zuen. Behin oholtza gaineko jardunetik urrundu ondoren ere gertutik jarraitu du bertsogintza, epaile lanetan aritu izan baita, Eskolarteko txapelketetan bereziki. Gaur egun PRH formazioak eskaintzen egiten du lan, Nortasunaren eta Giza Harremanen gaineko formakuntza eskaintzen alegia.

Arantzazu Loidi izango da igande honetako gonbidatua Hitzetik Hortzeran. Bertso-eskolan, Eskolartekoan eta plazan egindako bideaz ariko gara berarekin, eta bertso-eskolek haur eta gazteen nortasunaren garapenean eskain ditzaketen aukerez ere bai. Horrez gain, Ainhoa Agirreazaldegirekin elkartu eta emakume bertsolariek elkarrekin plazan egindako bideaz ariko gara biekin.

Historikoa Apotzagan

Eskoriatzako Apotzaga Auzoko Elkartean egingo diogu elkarrizketa Arantzazu Loidiri. Esanahi bereziko lekua da hau, gaztetan bertan aritu baitzen bertso-eskolan, eta saio ugari egin baitzituen bertan. Tartean, 1992an egindako saio bateko bertsoaldia berreskuratuko dugu. Arantzazu Loidi kantuan entzuteko aukera izango dugu, Jon Sarasuarekin eta Ainhoa Agirreazaldegirekin batera.

Gaur egungo plazako jardunak ere izango du bere lekua aste honetako programan. Urteak dira emakume bertsolariak elkartzen hasi eta ahalduntze bidean jarri zirenetik. Bide horren emaitza da Testurak izeneko ekimena, Emakume Etxeak lotzen ari den bertso-saio sorta. Arrasaten hilaren 11n egin zuten saioa. Maite Berriozabalek gidatuta aritu ziren bertsotan Ainhoa Agirreazaldegi, Nerea Elustondo, Maider Arregi eta Oihana Bartra.

Horrez gain, gaurkotasunari lotutako bertsoaldi gehiago izango dira aste honetako programan: Elizak errautsak zabaltzea debekatu duela eta gai horren inguruan entzungo ditugu Amets Arzallus eta Andoni Egaña Ermuan. AEBetako hauteskundeek ere izan dute bere isla plazan: Ermuan bertan Obamaren zortzi urteen errepasoa egin zuen Amets Arzallusek eta Iruñean Hillary Clintonen eta Donald Trumpen arteko telefono-elkarrizketa irudikatu zuten Beñat Gaztelumendik eta Unai Iturriagak. Bi bertsoaldi horiek ere sartu ditugu Hitzetik Hortzeran.

Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango duzue EITB Nahieranen.

Arantzazu Loidi eta Ainhoa Agirreazaldegi.