Arabara eraman du Eskolarteko txapela Aroa Arrizubietak

2017/06/10
Joanes Illarregi leitzarra izan da txapeldunorde. 200 lagun inguru hurbildu dira Sarara Euskal Herriko Eskolarteko bat-bateko finala jarraitzera. Arratsaldean festak jarraipena izango du bazkariarekin eta rap emanaldiarekin.

Ongietorri beroa egin dio Sarak Eskolartekoari. Irudi duen saguzarraren koloreak ederki argitu ditu eguzkiak baina baita oholtza gainean zein oholtzatik kanpo ageri zen aniztasuna: zazpi lurraldeetako ordezkariak aritu dira bertsotan Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean antolatutako Eskolartekoaren XXXIX. edizio honetan, eta itxura bera hartu du oholtzaren beheko aldeak Lapurdira hurbildutako bertsozaleekin.

Goizeko 11:00k pasatxo hasi da bat-bateko finala eta Sarako trinkete barrura ere eraman dute beroa Sarara hurbildutako bertsozaleek. Zazpi lurraldeetako ordezkariek hartu dute parte Euskal Herriko Eskolartekoaren XXIX. edizioan. Zozketak agindutako ordenean, Oihana Arana Kardenal (Eskoriatza, 2001), Aitor Ugarte Eriz (Aramaio, 2002), Iruri Altzerreka Martinez (Garai, 2000), Xabat Illarregi Marzol (Leitza, 2001), Aroa Arrizubieta Barredo (Gasteiz, 2001), Julene Etxeberri Pacheco (Sara, 2001), Oier Urreizti Lafitte (Bidarrai, 2000), Haritz Capot Thornary (Zalgize, 2001), Beñat Bilbao Landa (Gernika-Lumo, 1999), Joanes Illarregi Marzol (Leitza, 1999), Irati Alcantarilla Urdanpilleta (Urruña, 2001), Jokin Irastorza Zabalegi (Oiartzun, 1999) eta Elixabet Etxandi Goyenetche (Izpura, 2000) izan dira oholtza gainean. Haien jarduna gidatzen Pantxika Solorzano aritu da eta epaile lanetan, berriz, Aitor Jimenez, Leire Etxebarria, Elisa Iztueta, Lierni Elorza, Saioa Mitxelena eta Iban Thicoipe.

Agurren ondotik, zortziko handian eta txikian aritu dira binaka; hiruko ofizioren bat ere izan da, parte-hartzaile kopuru bakoitia izanik. Ondoren, sei bertsolari sailkatu dira finalaren bigarren zatirako: Oihana Arana, Aroa Arrizubieta, Elixabet Etxandi, Joanes Illarregi, Xabat Illarregi eta Jokin Irastorza.

Puntu erantzunetan eta bakarkakoan arituta, eta agurraren ondotik, epai-mahaiaren ebazpena eman du Joana Itzainak oholtzatik: Aroa Arrizubieta gasteiztarrak irabazi du 2017ko Euskal Herriko Eskolartekoa, Joanes Illarregi leitzarrak jarraituta. Amets Arzallusek, Euskal Herriko egungo bertsolari txapeldunak jantzi dio txapela irabazleari.

Lur Berrin bilduko dira ostera parte-hartzaile zein bertsozaleak, Idokik prestatutako otordua bazkaltzeko. Ondoren, festak jarraipena izango du Odei Barrosoren eta Iñaki Viñaspreren rap emanaldiarekin.

Ahots baten sormen egonaldia izango dute sari

Euskal Herriko Eskolarteko parte-hartzaile guztiek Ahots baten sormen egonaldian parte hartzeko aukera izango dute. Gabonetan egiten den egonaldi honek ahozko euskal kultur adierazpideak lantzen aritzen diren gazteak biltzen ditu – bertsolaritza, antzerkia, kantagintza eta literatura – eta horrek gainerako sortzaileekin harreman sareak egiteko eta sorkuntzarako beste bide batzuk esperimentatzeko parada eskaintzen die.

Egonaldiaz gain, material sorta ere jaso dute parte-hartzaileek Oier Arbina, Nahia Sasco, Xan Alkhat, Malen Amenabar, Iker Gorosterrazu, Kristina Mardaras eta Maider Arregi bertsolarien eskutik; Sarako bertso-eskolaren eta Olhain ikastolaren izenean, Mikel Cottave-Parachouk eta Sebastian Zamorak eman dute saria, eta Sarako auzapeza ere, Jean-Baptiste Laborde, igo da oholtzara. Azkenik, elkarte antolatzaileen ordezkariek, Bertsozale Elkarteko Iñaki Muruak eta Ikastolen Elkarteko Koldo Tellituk sari bana eman dute.

Aroa Arrizubieta, txapela jantzi ondoren kantuan. / XDZ