Arabako finala eta Nafarroako finalaurrekoak eskainiko ditu Hitzetik Hortzerak

2017/03/30
Ohi baino programa luzeagoa izango da. Larunbatean Principal Antzokian entzundako bertso onenak eskaintzeaz gain, Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoei errepasoa egingo die programak eta zortzi finalistak elkarrizketatuko ditu: Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes “Itturri”, Xabier Terreros eta Julen Zelaieta.

Txapelketen aroa izan ohi da udaberria bertsolaritzan eta halaxe etorri da aurtengoa ere. Igande honetako Hitzetik Hortzerak bi txapelketa izango ditu ardatz: Araba eta Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Ohi baino programa luzexeagoa izango da aste honetakoa.

Principal Antzokiko perlarik onenak

Larunbatean Principal Antzokian jokatuko dute Arabako Bertsolari Txapelketako finala Asier Otamendik, Oihane Pereak, Manex Agirrek, Iñaki Viñasprek, Xabi Igoak eta Serapio Lopezek. Saioko bertsoaldirik onenak ekarriko ditu Hitzetik Hortzerak bertsozaleen telebistetara, eta txapeldunari elkarrizketa bat egingo zaio saioa bukatu berritan.

Nafarroako Bertsolari Txapelketako bertsoak

Finala iristear dago Nafarroako Bertsolari Txapelketan ere. Beran, Antsoainen eta Agoitzen finalaurrekoak jokatu ondoren, honako zortzikote hau sailkatu da apirilaren 8an Iruñeko Anaitasunan egingo den finalera: Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes “Itturri”, Xabier Terreros eta Julen Zelaieta. Zortzi bertsolariek finalera begira dauzkaten asmoen berri jasoko dugu igandeko programan, eta finalaurrekoetako bertsoaldi onenak ere eskainiko ditugu.

Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, 15:00etatik aurrera. Eta laster Interneten ere aurkitu ahal izango duzue EITB Nahieranen.

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finaleko zortzikotea.