Arabako Errioxako bertso-eskola eta Printzipaleko finala Hitzetik Hortzeran
Gasteizen baino lehenago Arabako Errioxan ibili da Jon Artano. Eskuernagan Orlando Arreitunandiak egin dio harrera. Arreitunandia bertsolaria izateaz gain, enologoa ere bada Luis Cañas upategi entzutetsuan eta, jakina, bietatik jardun da Artanorekin; ardogintzaz eta bertsogintzaz. Villabuenatik Oionera. Bertan Txandrio bertso eskolako kideekin izan da aurkezlea. Eta handik iparraldera, Gorbeiarantz. Abornikanon egin du azken geldialdia Artanok Printzipal antzokira jo aurretik. Abel Enbeita zain aurkitu du Errota baserri atarian. Arabako bertsolaritzan ereite lanetan hasi zen Enbeita duela 30 urte eta berak jantzi dio txapela «neskatoa zenetik» ezagutzen duen Oihane Pereari. Aspaldiko garaiez eta gaur egungoez mintzatu da Enbeita. Duela hiru hamarkada gaurko egoera zein den esan izan baliote, ez zukeela sinetsiko esan dio Jon Artanori.
HITZETIK HORTZERA: ostiralean, 21:00etan, eta igande bazkalostean -laburpena- ETB-1en. Eta eitb nahieranen.