Arabako bertsolaritza hizpide, Bertsoan

2017/01/23
2017an 35 urte beteko dira Arabako lehenengo bertso-eskolak martxan ipini zirela; hortaz aritu da sareko plaza Pedro Bizkarguenagarekin eta Izar Mendigurenekin. Bestalde, Bertso Korrikaren berri ere izango dugu aste honetan.

Pasa den larunbatean aurkeztu zen Arabako Bertsolari Txapelketa Laudioko Areta auzoko El Tunel tabernan. Tokia aukeratzerakoan Arabako bertso eskolen sorrerari egin nahi izan zitzaion keinu; izan ere, han sortu zen Arabako lehen bertso eskola duela 35 urte. Urteurrena aintzat hartuta, Arabako bertsolaritzaren eta bertso eskolen inguruan aritu da Bertsoa Pedro Bizkarguenaga eta Izar Mendiguren bertsolariekin. Ostegunean izango da ikusgai haiekin izandako solasaldia. Asteburuan aurkezturik, Arabako Bertsolari Txapelketaren ingurukoak ere ekarriko ditu sarera Bertsoak. Oier Suarez Arabako Bertsozale Elkarteko Sustapen arduradunaren ahotik ezagutuko ditugu xehetasunak bihar bertan.

Laster izango da Korrika Euskal Herrian eta haren aurretik Korrika Kulturala. Asteazkenean aurkeztuko da eta, tartean, Bertso Korrika. Adi jarraituko ditu Bertsoak han emandako informazio eta hitzorduak.

Gontzal Mendibilekin izandako elkarrizketaren lagina ikusi genuen aurreko astean Bertsoan eta ostegunean solasaldia osorik ikusteko aukera izango dugu. Bestalde, pasa den asteburuan Tolosako jaialdian zein Donostiakoan izandako aleen bilduma izango da gozagai gaur eta bihar.

Eta horrekin batera, bertsoaldi historikoa, Hitzetik Hortzeraren aurrerapena, albisteak...

Arabako Bertsolari Txapelketaren aurkezpenean izan zen Bertsoa.