Arabako Bertsolari Txapelketako finalisten hitzak, Bertsoan

2017/03/27
Gainera, Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusian EHBEko zein lurraldeetako elkartetako lehendakariekin izan zen solasean sareko plaza, aurtengo egitasmoa aletu asmoz.

Apirila hastearekin batera, larunbatean, jokatuko da Arabako Bertsolari Txapelketako finala. Martxoaren 18an Aramaioko saioa amaitzearekin batera ezagutu genituen finalean ariko diren sei bertsolariak - Asier Otamendi, Oihane Perea, Xabi Igoa, Serapio Lopez, Iñaki Viñaspre eta Manex Agirre - eta beraiekin hitz-aspertua izan du Bertsoak. Gaur hasi eta asteazkenera bitarte entzungai izango dugu seikotea. Bestalde, gaur izandako prentsaurrekoan Oier Suarez Arabako Bertsozale Elkarteko ordezkariarekin eta aurtengoan irabazleari txapela jantziko dion Karla Santistebanekin izan da eta haiek kontatutakoak entzungai izango dira bihar sareko plazan.

Bestalde, eta txapelketekin jarraituz, Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa izan da pasa berri den asteburuan, eta honenbestez, badugu apirilaren 8an Anaitasunan izango diren bertsolarien berri. Agoitzen jasotako bertsoaldiak jada ikusgai daude sarean eta bertako parte-hartzaileen hitzak ere izango dira entzungai. ostiralean jokatuko den BBK sariketaren berri ere emango du Bertsoak.

Larunbatean Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia gauzatu zen Ozaetan. Han bildu ziren lurralde guztietako ordezkari zein bazkideak eta EHBEko zein lurraldeetako elkarteetako lehendakariekin izan zen solasean Bertsoako lantaldea. 2017 honetan Bertsozale Elkarteak esku artean izango dituen ekimenak izan dituzte hizpide.

Horretaz gain, astea amaitzerako, Hitzetik Hortzeraren aurrerapena, Bertsoaldi Historikoa eta beste hainbat kontu izango ditugu Bertsoan, sareko plazan.

Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken saioan izan zen Bertsoa.