Andoni Egañak Txapelketa Nagusian egindako ibilbidea, igandean
1985eko azaroaren 2an, Azkoitian, kantatu zuen lehen bertsoa Txapelketa Nagusian Andoni Egañak; 2009ko abenduaren 13an, Barakaldon, azkena. Tartean zazpi txapelketa eta zazpi final; eta lau txapel, eta dozenaka bertsoaldi antologiko.
2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren atarian, Andoni Egañak txapelketa honetan egindako bideari buruzko Hitzetik Hortzera berezia eskaini zen ETB1en, eta igandean berreskuratuko dugu.
Jon Artanok elkarrizketa mamitsua egin zion txapelketako ibilbidearen inguruan: oroitzapenak, gogoetak, pasadizoak… izan zituzten ahotan. Txapelketa horietako finaletan Andoni Egañak egindako lanik onenak ere entzungo ditugu tartean: Anjel Mari Peñagarikanorekin egindako amonaren poltsa beroaren ofiziokoarekin hasi, eta BECen aulkiak jartzera etorriko zela iragartzen zuenekora arte.
Igandean, 15:00etan, ETB1en.