Amurrion eta Oñatin izan da Hitzetik Hortzera

2014/01/16
Amurrion urterokoa da finalisten saioa. Oñatin Errege bezperako jaialdiko kartela finalistekin osatu dute aurten. Horrez gain, Xenpelar Dokumentazio Zentrotik berreskuratu ditu Hitzetik Hortzerak bi bertso-aldi historiko. Guzti hori ikusi ahal izango da igandean arratsaldeko hiruretan ETB1 katean. Hurrengo astean Bertso Eguna ekitaldiaren laburpena eskainiko du Hitzetik Hortzerak, ordu berean.

Martxora bitartean plazaz plaza bere bidea egiten ari da Hitzetik Hortzera telebista saioa. Igandean urteko hirugarren saioa eskainiko du, denboraldiko seigarrena. Urte hasierako jaialdiak bildu ditu denboraldiaren lehen zatian, Txapelketak jende-olatua ekarri baitu urte hasierako bertso-saioetara. Amurrion eta Oñatin, zortzi finalistak izan dira kantuan: Amets Arzallus, Sustrai Colina, Maialen Lujanbio, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga eta Igor Elortza. Bietan kartel berbera, eta “sarrerak agortuta” kartela atarian. Oñatin aurten lehen aldiz zortzi finalistak elkarrekin izan dira urteroko saioan. Amurrion, ohituraz, urteroko saioa egin dute finalistekin.

Xenpelar Dokumentazio Zentroari esker bertso saio historikoak berreskuratu ditu Hitzetik Hortzerak. Iñaki Eizmendi Manterola Basarriren jaiotzaren ehungarren urteurrena ospatu berri da azaroan eta Andoni Egaña bertsolariak ikertu du Basarrik bertsolaritzari egindako ekarpena. Bertsolari zarauztarraren hitzak eta bere garaian elkarrekin egindako bertso aldi bateko bertsoak bildu ditu Hitzetik Hortzerak.

Igandean arratsaldeko hiruretan eskainiko da saioa, ETB1 katean. Hurrengo astean Bertso Eguna ekitaldiaren laburpena eskainiko du Hitzetik Hortzerak, ordu berean. 

Oñatiko saioan hartutako irudia