Amets Arzallusek Txapelketa Nagusia irabazi zuenekoa, igandean

2020/06/18
2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren ondotik osatutako Hitzetik Hortzera berezia eskainiko dugu asteburu honetan, ETB1en.

Duela zazpi urte bizitakoak ekarriko ditugu gogora igande honetako tartean. 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala eginda, haren inguruko Hitzetik Hortzera egin zen ETB1n. Bertsozale Elkarteak egoitza duen Amasa-Villabonako Subijana etxera etorri zen Amets Arzallus txapelduna, eta harekin solasean aritu ziren Aitzol Barandiaran eta Josu Goikoetxea, hain zuzen, Euskal Telebistarako final hura aurkeztu eta iruzkindu zuten adituak.

Arzallusen hitzekin batera, final hartan entzundako bertsoaldiak eskainiko dira. Bestalde, orduko hartan atzerritik etorritako kantu inprobisatzaileen eta ahozkotasunean aditu direnen iritziak ere ezagutuko ditugu: Mexikoko, Galeseko edota Estatu Batuetako inprobisatzaile eta ikertzaileak, besteak beste.

Igandean, 15:00etan, ETB1en.

Duela zazpi urteko finala berreskuratuko dugu igandean. / XDZ - Gari Garaialde