Amasa-Villabonan izango den saiorako bigarren aukera

2020/06/02
Saioak izan zuen harrera ikusita, haren segidan bigarren txanda bat egingo dugu: gai-jartzaile eta bertsolari berberak, baina ikus-entzuleak txandakatuta. 20:00etan izango da eta jada gonbidapenak eskuratzeko modua dago behean topatuko duzun loturan izena emanda.

Atzo eguerdian eskuragarri jarri genituen gonbidapenak ordu gutxi batzutan bukatu ziren. Saiorako gogoz geratu zinetenontzako bigarren aukera izango da: atzo iragarritako lehen saio horren segidan, bigarren txanda bat izango da, 20:00etan hasita.

Gai-jartzailea eta bertsolariak berberak izango dira: Amets ArzallusHaritz MujikaMaialen Lujanbio eta Miren Artetxe ariko dira bertsotan, eta Imanol Artola gai jartzen. Ordubete inguruko saioak izango dira bata zein bestea.

Saiotik saiora eserlekuak osasun gomendioek eskatu bezala garbituko dira. Bestalde, atzo esan bezala, ikus-entzuleak maskara ekarri beharko du emanaldia izango den eremura sartu eta handik ateratzeko; aitzitik, emanaldian maskararik gabe egon ahal izango da, ikus-entzuleen arteko distantziak bermatuta. Gogoratu, une oro, antolatzaileen argibideak jarraitzea ezinbestekoa izango dela.

Bertsoa.eus atariko kamerak ere han izango dira; etxetik jarraitu nahi duenak, beraz, izango du aukera. Amasa-Villabonako Udalaren laguntzarekin antolatu dugu saioa.

Itxi dugu gonbidapenen banaketa

 

Ordubete inguruko saioak izango dira biak. / XDZ