Altzon izango da Eskolatik Plazara ekimenaren hirugarrena
Aner Peritz, Haira Aizpurua, Irantzu Idoate, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal. Boskote hori ariko da bertsotan gaur zortzi Altzoko kultur etxean. Iaz Euskal Herriko Eskolartekoan aritu behar zuten bertsolari gazteak dira Peritz, Aizpurua eta Idoate, eta Lujanbiorekin eta Ibarzabalekin elkartuko ditugu datorren asteko saioan. Hori baita Eskolatik Plazara ekimenak proposatzen duena: iaz, pandemiaren eraginez, Euskal Herriko Eskolartekoan aritu ezinik geratu ziren parte-hartzaileok egun plazetan aritzen diren bertsolariekin elkartzea.
18:00etan hasiko da saioa; sarrera doakoa da, eta gonbidapenak hemen eskura daitezke.
Eskatu orain gonbidapenak!
Eskolartekoa antolatzen dugun Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatu dugu Eskolatik Plazara. Eskolartekoaren helburua bertsotan hasiberriak direnei jendaurrean bat-batekoan plazaratzeko aukera ematea da, beren belaunaldia zaletzea, eta bertso saioen antolakuntzan lehen urratsak egitea, etorkizunean bertsolaritzako eragile izan daitezen. Bertsolari gazteei ikusgarritasuna eman nahi zaie ekimen honekin, bertsolari gazteentzako bultzada handia izaten baita datozen urteetako plazei begira.
Gaur, Iruñean
Altzokoa izango da Eskolatik Plazara ekimenaren hirugarren eta azken saioa. Aurretik, pasa den ostiralean, Gernika-Lumon izan zen lehena eta gaur izango da bigarrena, Iruñean. 18:00etan hasita, Nafarroako Antzerki Eskolan ariko dira kantuan Aitor Ugarte, Alaia Martin, Bittori Elizalde, Ekhiñe Zapiain, Eukene De Los Aires eta Julio Soto; Josu Sanjurjo ariko da gai jartzaile lanetan.