"Akaso, izango da plazarako jauzia egingo duen esperimenturik ere"
Beti esan izan da bertsolaritza taldeko ekintza bat dela. Baina, zenbateraino aztertu dugu taldetasun hori? Nolakoa litzateke bertsolaritzaren egitura bera feministagoa, kooperatiboagoa eta horizontalagoa balitz? Bertsolaritza elementu askok osatzen dute, eta batzuetan joera izaten dugu elementu horiek era isolatuan aztertzeko. Bertsolaria eta gai-jartzailea. Bertsolaria eta entzulea. Kantatzen dena eta kantatzen duen gorputza. Testua eta kantaera. Muga zurrunak ezarri ordez horiek lausotu eta bertsolaritza beste leku batetik biziko bagenu, ez ote genuke sorkuntzarako leku eta bide berririk aurkituko?
Urrutitik begiratu izan ditugun pieza horien arteko harremana beste modu batean lantzeko ahalegina da Gerturatu Eta Lau. Lau saiotan eta lau ardatzetan egituratu dugu proposamena: bertsolarien erabakimena, entzuleen erabakimena, kantaera eta gorputzen arteko harremana. Horiek dira landuko ditugun ardatzak.
"Beti ere jolasa ardatzean jarriz eta oholtzako eta oholtzapeko harremanek eskatzen duten mimoz"
Tangramaren paradoxak dio pieza berdinekin egitura berdinak eraikita ere, emaitza ezberdina izaten dela. Hari horretatik tiraka, oholtza gaineko botere harremanak berdin eraikitzen al dira kasu guztietan? Bertsozalegoak beste era batera hartu al dezake parte bertso saio batean? Zer eta nola erabaki nahi du bertsolariak saio batean? Kantaera beste modu batera landu al dezakegu? Praktikaren teoriatik edo, nahi bada, teoriaren praktikatik, saiakera bat egingo dugu, porrota ere arrakastatzat jota.
Maiatzaren 6an, 11n, 18an eta 25ean elkartuko gara Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Zarautzen; bertsotan aritzeko eta kantatu eta entzundakoaz gogoeta egiteko. Bertsolaritzari beste leku batzuetatik ere erreparatu eta aurrera begira lantzeko ildo berriak aurkitzeko. Beti ere jolasa ardatzean jarriz eta oholtzako eta oholtzapeko harremanek eskatzen duten mimoz. Lau saio izan arren, filosofia eta egiteko modu batek elkartuko ditu laurak. Landutako batzuk saioan bertan geratuko dira baina, akaso, izango da aurrerantzean plazarako jauzia egingo duen esperimenturik ere.