Aitziber Garmendiak egingo ditu aurkezle lanak Bertso Egunean

2016/01/19
Arratsaldeko ekitaldian, Odei Barroso partaide duen 2zio taldea ere zuzenean entzuteko aukera izango dute hurbildutakoek.

Gero eta gutxiago falta da Bertso Eguna ospatzeko: urtarrilaren 30ean Donostian izango da ospakizuna eta goizez, arratsaldez zein gauez izango da bertsolaritzaz gozatzeko parada; guztira, 28 bertsolarik hartuko dute parte egunean zehar izango diren saioetan.

Bertso Eguneko ekitaldi nagusia 18:00etan hasiko da Kursaalen. Aitziber Garmendiak gidatuko du saioa, eta 10 bertsolari izango dira kantuan: Unai IturriagaAndoni EgañaOihana IguaranEtxahun LekueFredi PaiaXabier TerrerosJon MaiaOihana BartraJulio Soto eta Agin Laburu. Odei Barroso bertsolariaren 2zio taldea ere zuzenean ariko da. Bertsolariak antolatzailearen deia jasotzen duenetik oholtzan gaia entzunda kantuan hasi bitartean hartu beharreko erabakiak dira aurtengo ekitaldiaren helduleku. Aitor MendiluzeAitor SarriegiEneko Lazkoz eta Urko Casado aritu dira ideia landu eta gaiak prestatzen.

Saio nagusiaren ostean afaria eta festa izango dira Kursaalen bertan. Afariari dagokionez, menua zehaztuta dauka Bertsozale Elkarteak: entsalada, txanpiñoiak, bakailua ajoarriero erara, arrain zopa, arkume errea patata purearekin eta arroz esnea. Edariak, txotxa eta kafea. Emanaldi mamitsua izango da afalostekoa, 12 bertsolariren eskutik: Amets ArzallusUnai MendizabalXabi IgoaOnintza EnbeitaAlaia MartinEli PagolaMaddalen ArzallusEneritz ArtetxeIker ZubeldiaJexux Mari Irazu eta Unai AgirreAlaitz Rekondok gidatuko du saioa. Bat-bateko bertsoak eta prestatutakoak tartekatuko dira, eta horietako batzuk musikatuak izango dira.

Ekitaldi nagusiaren aurretik ere, eguerdian, izango da zer entzun eta ikusi. Giro goxoan egingo da, gainera: aurtengoan ez da kalean gauzatuko, eta Kursaal pareko Picacchilla garagardotegian bertso-saio musikatua egingo da 12:00etatik aurrera. Ane LabakaMaialen LujanbioBeñat Gaztelumendi eta Miren Amuriza ariko dira kantuan bat-batekoan, eta Rosi Lazkanok eta Nerea Elustondok bertso jarriak eskainiko dituzte. Emanaldia Estitxu Eizagirrek aurkeztuko du, eta saioan zehar klima aldaketak eragiteaz arduratuko dira Idurre Eskisabel eta Eñaut Asurabarrena, gitarraz musikatutako testuen bidez. Azken hauek Arkaitz Goikoetxea, eta Ainhoa Agirreazaldegiren laguntza izan dute gidoia eta gaiak lantzeko. 

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Donostia Kulturak KutxarenGipuzkoako Sagardogile Elkartearen eta EITBren laguntza izan dute antolaketa lanetan. Hainbat hedabide ere laguntzaileen artean daude: ArgiaBerriaDeiaDiario VascoEuskadi IrratiaGaztezulo aldizkaria, Hala Bedi IrratiaHamaika TelebistaNoticias de GipuzkoaTolosaldeko Ataria eta Xorroxin Irratia.

Eskuratu zure sarrera!

Bertsosarrerak.eus atarian daude ekitaldirako zein ekitaldi eta afarirako txartelak eskuragai; bazkideek eta gazteek beherapena dute. Salmenta abiada bizian doa, beraz, adi ibili!

28 bertsolari ariko dira kantuan urtarrilaren 30ean