Ainhoa Aizpuruak bertsolaritzari eta prosodiari buruzko tesia aurkeztu du

2024/04/19
Kalifikazio gorena jaso du tesian. Tesia aurkeztearekin batera, EHUko doktore izendatu dute Aizpurua. Gai beraren ikerketa saritu zioten Laboa Katedrak eta Mintzolak.

Bertsolaritza eta prosodiari buruzko tesia aurkeztu du Ainhoa Aizpurua Insaustik gaur eguerdian EHUko Arabako Campusean, Gasteizen. Euskarazko bat-bateko bertsoen erritmoa: Silabatzea, erritmo-ereduak eta taldekatzea izenburupean, kalifikazio gorena jaso du, eta Cum Laude izendapena jasotzea aztertuko du epaimahaiak. Ikerketa horrek ahalbidetu dio EHUn doktore bilakatzea.

Prozesu luzea izan da tesia aurkeztu aurrekoa: Laboa Katedrak eta Mintzolak proiektua saritu zioten, eta horren ondoren aurkeztu zen ikerketa deialdira. Hori ere sarituta, ikertzaile lanetan ibili da. Tesian zuzendari izan ditu Oroitz Jauregi eta Lourdes Oñaederra izan dira. Joseba Lakarra, Irantzu Epelde eta Elixabete Perez izan dira epaimahaikideak.

Aizpuruak harreman estua du Bertsozale Elkartearekin. Arabako Bertsozale Elkarteko ikerkuntza arduraduna da. Horrez gain, epaile taldean ere badabil: 2017ko Arabako Bertsolari Txapelketatik epaile da. Ikerketako prozesuan, hain zuzen ere, Bertsozale Elkartearen eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntza jaso du.

Ainhoa Aizpurua tesiaren aurkezpenean, tesiaren zuzendari eta epaimahaikideekin.