Ainara Azpiazuren hitzek marraztuko dute igandeko Hitzetik Hortzera
Aurpegi ezaguna da Ainara Azpiazu "Axpi" ilustrazio eta komikigintza munduan. Berrian, H28n eta Hernaniko Kronikan zintak egin izan ditu, eta hainbat kartelen egile ere bada, tartean, baita hainbat bertso-saiotakoak ere. Bera izango da aste honetako Hitzetik Hortzerako gonbidatua, eta komiki eta ilustrazio munduez eta bertsolaritzarekin duen harremanaz ariko da.
Zeharka bada ere marrazkiei lotuta egongo da aste honetako bertsoaldi historikoa ere. 1998ko apirilaren 4an bertso jaialdia egin zuten Seguran. Egun hartan gai-jartzaile lanetan aritu zen Maialen Lujanbiok tatuaia egile paperean jarri zuen Andoni Egaña; eta Mikel Mendizabali, Gregorio Larrañaga "Mañukorta"-ri, Joxe Agirreri, Anjel Mari Peñagarikanori, Sebastian Lizasori eta Iñaki Muruari larruazalean ze marrazki egin zizkien kantatu zuen. Bertsoaldi gogoangarria atera zen, bai Andoni Egañaren irudimenagatik eta baita atzekoen erantzunengatik ere.
Bertso Korrika Durangon
Bertsozale Elkartearen eta AEKren elkarlanetik sortutako proiektua da Bertso Korrika. Korrika aitzakiatzat hartuta, tokian tokiko bertso-eskola eta euskaltegiak harremanetan jarri eta bertso saio bereziak antolatzen dituzte. Hirugarren edizioa bete du aurten ekimenak. Martxoaren 9an ziklo honetako saio bat egin zuten Durangoko Plateruena Kafe Antzokian. Erika Lagoma gai-jartzaileak jarritako ariketak fin bete zituzten Eneko Abasolo "Abarkas"-ek, Igor Galartzak, Nerea Ibarzabalek eta Oihana Bartrak. Bertsoaldirik onenak eskainiko ditu igandeko programak.
Biharamunean, martxoaren 10ean alegia, Usurbilgo Artzabal jatetxean izan ziren Hitzetik Hortzerako kamerak. Martxoaren 8aren bueltan bertso afari berezia antolatu ohi dute urtero, eta ederra atera zen aurtengoa ere. Idazle desberdinen testuetatik abiatuta jarri zituen gaiak Maider Arregik, eta umorez erantzun zuten Uxue Alberdik, Onintza Enbeitak eta Ane Labakak. Bertsoaldi onenak eskainiko ditugu igande honetan.
Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere aurkitu ahal izango duzue EITB Nahieranen.