Ahots Baten sormen egonaldirako izen-ematea, abenduaren 3ra arte

2021/11/22
Abenduaren 27tik 30era egingo da egonaldia Amaiurko aterpetxean. Urte osoan zehar, antzerkian, bertsoan, kantuan edota literaturan aritzen diren 15 eta 22 urte bitarteko gazte sortzaileei zuzendutako proiektua da.

Pasa den astean iragarri bezala, ireki berri dugu Ahots Baten sormen egonaldiko izen-ematea. Gaur 10:00etan hasi da, eta abenduaren 3ra arte izango da izena emateko aukera eguerdira arte.100 euro ordaindu beharko dira egonaldian parte hartzeko.

Zazpigarren edizioa izango du aurten Ahots Batenek. Iaz, pandemiaren eraginez egun banatako bi saio egin baziren ere, leheneratu eta lau eguneko egonaldia izango da aurtengoan: abenduaren 27tik 30era izango da Amaiurko aterpetxean (Nafarroa). Bertsozale Elkarteak eta Euskaltzaindiak antolatu dugu aurtengoan.

Ahots Baten 2021: Eman izena orain!

15 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzendutako proiektua da. Urte osoan zehar, antzerkia, bertsoa, kantua edota narrazioa edo kontakizuna: ahozkotasunaren diziplina ezberdinak lantzen dituzten gazteek kultur adierazpide horietaz gozatzeko eta haiekin esperimentatzeko aukera izango dute lau eguneko egonaldian; baita, nola ez, beraien arteko harreman sareak eraikitzeko ere.

Bigarren eta hirugarren egunetan kultur diziplina horietan iaioak diren sortzaile ezagunak batuko dira taldera: Ane Labaka bertsolaria eta Maialen Belarra gai-jartzailea izango dira tartean, baina baita Intza Alkain aktorea, Joseba Larratxe Josevisky komikigilea eta Miren Narbaiza MICE musikagile eta kantaria ere.

Anima zaitez eta eman izena!

2015etik egin izan da Ahots Baten Mintzolaren eskutik. / XDZ