Ahots Baten: bertsolaritzak hitzordua du abenduan

2020/11/18
Bi egunetan gauzatuko da ekimena; lehen egunean izango du tartea bertsolaritzak, Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal bertsolarien eskutik. Astelehenean irekiko da izen-ematea www.mintzola.eus atarian.

Seigarrena betetzear dago Ahots Baten. Aurtengoan, pandemia tarteko, ez da egonaldi moduan egingo, baina Mintzola Ahozko Lantegiak bi egunetarako egitarau bikaina prestatu du; tartean izango da bertsolaritza.

Abenduaren 28an eta 29an izango da, Azpeitiko Dinamoa sormen gunean. Antzerkia, bertsolaritza, kantagintza eta kontalaritza edota literatura: urtean zehar diziplina horietan aritzen diren 1998 eta 2005 urteen artean jaiotakoei zuzendutako egitasmoa da, alegia, 15 eta 22 urte bitartekoei. Diziplina horiekin esperimentatzeko eta horiei buruz hitz egiteko gunea da Ahots Baten, eta taldera batuko zaizkie horietan aritzen diren adituak. Abenduaren 28an, arratsaldez, bertsolaritzaz aritzeko taldearekin elkartuko dira Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal.

Datorren astean irekiko da izen-ematea: astelehenean, 10:00etan, eta www.mintzola.eus atarian egongo den izen-emate orria bete beharko da. Abenduaren 9ra arte (12:00ak arte) eman ahalko da izena.

Argibide gehiago, www.mintzola.eus atariko albiste honetan.

Gabonetarako plan ederra!