Ahostegunak eta Ahots Baten sormen egonaldiak, laster

2023/10/11
Gazteak eta ahozko kultur diziplinak dituzte protagonista bi egitasmoek eta bertsolaritzak ere izango du bere tokia. Euskaltzaindiak antolatu ditu Mintzola egitasmoaren baitan, Bertsozale Elkartearen laguntzarekin.

Gazte bertsozaleak gustura hartzen du udazkena, bere aisirako erakargarri zaizkion bi kultur proposamen izaten dituelako aukeran: Ahostegunak eta Ahots Baten. Bertsolaritzaz gain, beste zenbait kultur diziplinaz gozatzeko abagunea izango da.

Azaroaren 9an, 16an eta 23an izango dira Ahostegunak sormen tailerrak, 18 eta 22 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Iruñean Euskaltzaindiak duen egoitzan izango dira saioak, 17:00etatik 20:00etara, eta bertsoaz, antzerkiaz, kantuaz eta literaturaz gozatu ahal izango dute. Aldiro sortzaileak ere izango dira bisitan: Ainhoa Larretxea gai-emailea eta Sustrai Colina bertsolaria izango dira gonbidatuetako bi. Garazi Arrula idazleak eta Goxu'n salsa musika taldeak ere hartuko dute parte. Hezitzaile taldea, berriz, Aner Peritz, Amaia Elizagoien, Itziar Telletxea eta Oihana Arana sortzaileek osatuko dute. Doakoa da sarrera, baina aldez aurretik izena eman behar da; horretarako aukera izango da azaroaren 6ra arte Mintzolaren webgunean.

Hezitzaile talde berarekin, eta Aitor Bizkarra eta Aitor Tatiegi batuta, egingo da abenduan Ahots Baten sormen egonaldia. Euskarazko ahozko sorkuntzan dabiltzan gazteak elkartu, beren arteko harreman sareak ehundu, eta adierazpide desberdinak esperimentatuko dituzte. Abenduaren 26tik 30era egingo da Beizamako aterpetxean (Gipuzkoa), 15 eta 22 urte bitarteko gazteentzat. Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal bertsolariek hartuko dute parte, Beatriz Egizabal umoregilearekin, Gaizka Sarasola antzerkigilearekin, Martxel Rodriguez dantzariarekin eta Oier Zuñiga aktorearekin. Azaroaren 20tik abenduaren 10era eman ahalko da izena, Mintzolaren webgunean.

Euskaltzaindiak antolatu ditu, Mintzola egitasmoaren baitan, Bertsozale Elkartearen laguntzarekin.