Ahoa Bete Hots jardunaldien bosgarren edizioa aurkeztu da
Gaur aurkeztu du Mintzola Fundazioak Ahoa Bete Hots jardunaldien bosgarren edizioa. Nora Urbizu Arozena, Amasa-Villabonako Kultura eta Euskara zinegotzia, Beñat Gaztelumendi Arandia, Mintzola Fundazioko Patronatu kidea eta ikerkuntza arduraduna eta Joxe Mari Carrere Zabala ipuin kontalaria arduratu dira egitasmoa aurkezteaz.
2010ean abiatu zuen Mintzola Fundazioak Ahoa Bete Hots proiektua. Mintzola egitasmoaren barruan ahozko kultur sorkuntzan ari diren diziplina ezberdinetako aritu eta adituak gonbidatu ohi dira partekatzen dituzten gai eta kezkez aritzeko.
Aurtengoan transmisioa izango da hizpide. Esan berriz esan lelopean antzerki, bertsolaritza, kantagintza eta ipuingintzaren transmisioaz ariko gara 2014ko jardunaldietan. Transmisioaren garrantziari buruzko gogoetez, esperientzia pertsonalez eta okasiorako egokitutako sorkuntza saioekin gozatzeko parada izango dugu.
Mikel Markez, Amaia Zubiria, Maika Etxekopar, Joseba Tapia, Jon Sarasua, Antton Luku, Xabier Amuriza, Antton Irusta eta Miren Amuriza izango dira hizlari Amasa-Villabonan, Mintzola Fundazioaren egoitzan, uztailaren 2, 3 eta 4an.
Ahozkotasunaren zein ahozko generoen transmisioan interesa duen oro asetzeko jardunaldiak dira. Batez ere irakasleei, aisialdiko begiraleei eta irakasleei zuzendua da. Hezkuntzako irakasleak, euskaltegi, udaleku, barnetegi, antzerki, bertso-eskola, kantu eta ipuin irakasleak, gurasoak eta ahozko generoen transmisioa eragiten duten guztiei zuzendua. Beraien guneetan praktikan jartzeko gogoeta eta esperientzien berri emango dute hizlariek.
Matrikula prezioa:
-Matrikula arrunta: 70 euro
-Antzerkizale, Kantuzale, Ipuin kontalari edo Bertsozale Elkarteetako bazkideak: 45 euro
-Aiztondo Mankomunikateko herrietako biztanleak: 45 euro
-Ikasle, langabetu eta erretiratuak: 40 euro
Izen-emateko epea: ekainaren 4tik 25era, www.mintzola.com atarian edo telefonoz: 00 34 943 693870