Aho batez onartu dira 2021eko kontuak eta 2022ko egitasmoa

2022/03/28
Pasa berri den urteari dagokionez, bertso plazaren egoerari eta Mintzola Fundazioaren azkentzeari jarri zaio arreta. Aurtengo egitasmoan Bertsolari Txapelketa Nagusia nabarmentzen da.

Pasa berri den larunbatean, Izpuran (Baxenabarre) gauzatu genuen Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia. Faustin Bentaberri Gelan izan zen hitzordua, 11:00etatik aurrera, eta 45 bat bazkide elkartu ginen.

Miren Artetxe Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza Taldeko kideak hasi zuen batzarra pantailaz bestalde, bertaratutakoak agurtuta: 2021eko proiektu eta datu esanguratsuenak errepasatu zituen. Plazako datuei jarri zitzaien bereziki arreta ondoren: pandemia ostean berreskuratu diren saioak eta errekuperatu ez direnak aztertu, eta bertsolari taldean izan dituen eraginak aztertu ziren. Plazako jarduerarekin lotuta, Lanku Kultur Zerbitzuen urtearen berri ere eman zen.

Ondoren, 2021ean landutako prozesuak aipatu ziren banan-banan: Mintzola Fundazioaren azkentzea eta azken urteotako balorazioa, Hezkuntzako berrikuntza programa, Bertsozale Elkarteko funtzionamendua hobetzeko parte-hartze prozesua, Bertsozale Elkarteko berrantolaketa eta borondatezko lanaren inguruan egingo den gogoeta. Luze jo zuen prozesu guztien azalpenak, eta bilera erdia pasa zen 2021eko likidazioa onartzerako.

Ilusioz onartu zen 2022ko egitasmoa, urte berezia izango baita datorrena; ondo bidean, udazkenean jokatuko delako Bertsolari Txapelketa Nagusia. 2022ko egitasmoaren baitan dugun proiektu honen eta gainerakoen azalpena emanda onartu zen, aho batez, 2022ko aurrekontua.

Webgune honetan bertan topatuko dituzu memoriari eta egitasmoari lotutako txostenak.

 

Bertso Eguna segidan

Batzar Nagusiaz gainera, Bertso Eguna egiteko ere baliatu genuen Izpurako hitzordua. 17:00etan hasi zen saioa: Aimar Karrikak gidatuta, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Unai Agirre eta Sustrai Colina aritu ziren bertsotan, eta gonbidatu bereziak ere izan zituen saioak: Bilaka Kolektiboko kideak aritu ziren dantzan, Mirentxu Lazkano, Paxkar Irigoien eta Xabi Etxeberri musikariek ere hartu zuten parte, eta baita Dom Campistron marrazkilariak ere. Irantzu Idoatek egin zuen bertsotan hasieran eta amaieran. 100 lagun inguru elkartu ziren 2022ko Bertso Eguneko emanaldian.

[SAKATU IRUDIAN ARGAZKI GEHIAGO IKUSTEKO]

Sustrai Colina kantuan. / XDZ

 

Izpurako Faustin Bentaberri Gelan gauzatu zen Batzar Nagusia. / XDZ