Ahalduntze Bertso-Eskolan izena eman nahi?

2018/09/03
Bertsolari bezala aurrera egin nahi duten emakumeentzat lagungarri izateko jaio zen ikastaroa laugarren urtez jarraian antolatu da.

Urritik ekainera bitarte egingo da aurtengo ikasturtean ere Ahalduntze Bertso-Eskola. Bertsolaritzarentzat emakumeak plazan izaten duen garrantziaz jabeturik eta emakumeen jendaurreratzean ematen diren ezaugarri orokorrak kontuan hartuta, bertsolari bezala aurrera egin nahi duten emakumeentzat lagungarri izateko sortu zen duela lau ikasturte.

Ikastaroak maiztasunari eutsiko dio: taldea hilabeteko hirugarren larunbatean bilduko da goizez, 10:00etan hasi eta 14:00ak bitarte, Bertsozale Elkarteak egoitza duen Amasa-Villabonako Subijana etxean. Urriaren 20an izango da lehen eskola eta ekainaren 15ean azkena. 16 kide dituen taldea osatuko da gehienez, horretarako izen-emate ordena errespetatuz. Ainhoa Aranburuk eta Arkaitz Goikoetxeak gidatuko dute taldea.

Ikasturte osoan zehar eskoletara etortzea eta dinamikan parte hartzeko konpromisoa hartzea eskatzen zaie izena ematen dutenei, eta ikuspegien arteko aniztasuna eta errespetua izango ditu ikastaroak oinarri.

Irailaren 21era bitarte eman ahal izango da izena, beti ere tokia egonez gero. Horretarako helbidera idatzi behar da.

Informazio xehatua nahi? hementxe topatuko duzu.

Hilabeteko hirugarren larunbatean biltzen da taldea./ XDZ