Agur, Zuhatza! Agur, Bertso Udalekuak!

2019/08/30
Duzunaritzen, Uitzin, Aubixan, Orion eta Zuhatzan izan dira txandak aurten; 9 eta 18 urte bitarteko 200 bat parte hartzaile izan dira horietan.

60 haur inguru elkartu dira Zuhatzan, Bertso Udalekuen azken txandan. Udalekuetako gazteenak izan dira Uribarri Ganboako urtegian kokatutako uhartean, alegia, 9 eta 11 urte bitarteko gazteak. Lau egun pasa dituzte han, Zuhatzaren bereizgarri diren ur ekintzak egiten eta bertsolaritzarekin jolasten; gainera, egonaldia amaitu aurretik, Aroa Arrizubieta eta Odei Barroso bertsolariak agertu ziren untxien uhartean. Haiekin solasean arituta, bertso afaria osatu zuten Zuhatzako aterpetxea behar bezala agurtzeko.

Ikus-entzunezko bildumak, laster ikusgai

200 bat parte hartzaile eta 40 hezitzaile aritu dira uda honetan Bertso Udalekuetan: Duzunaritzen, Uitzin, Aubixan, Orion eta Zuhatzan, zehazki. Ikasturtean zehar ere izango dute aukera bertsolaritzaz gozatzeko, plazan ez ezik, ikastetxeetan bertsolaritza lantzen diharduten irakasleei eta hainbat herritan antolatuta dauden bertso eskolei esker. Udako oroitzapenak ere bizi-bizi iraun dezaten, bost txandetako ikus-entzunezko bildumak laster izango dira ikusgai webgune honetan bertan.

Itzulera on!

Odei Barroso eta Aroa Arrizubieta bertsolarien bisita izan dute Zuhatzako egonaldiko gaztetxoek