Adin adin proiektua, Bertsoan

2015/10/05
GBT15aren gaineko xehetasunak eta azkenaldiko bertsoaldi esanguratsuenak ere ez dira faltako aste honetan sareko plazan.

Asteazkenean berrabiaraziko du Lankuk Adin Adin proiektua. “Bertsoa ardatz hartuta, adinekoen bizi kalitatea hobetzea eta gaitasun psikoemozionalak lantzea” du helburu egitasmoak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Sailaren babesarekin, hainbat adinekoen egoitzatan ariko da lanean Lanku. Egitasmoaren gaineko xehetasunak ekarriko ditu sarera Bertsoak.

Ostegunean, bertsolarien erabakimenaz jardungo da sareko plaza. Neurri jakin batean, gai jakin batean eta testuinguru jakin batean abestu beharrak, erabakitzeko askatasuna zenbateraino mugatzen ote duen hausnartuz.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren final zortzirenak amaitzear dira. Pasa den asteburuko saioaz eta datorren asteburuan datozenei arreta jarriko die Bertsoak, eta azken saioko bertsoaldiak zintzilikatzeaz gain, datozen saioen gaineko informazioa ere argitaratuko du.

Gainera, Plentziako, Alkizako eta Elorrioko bertsoaldi nabarmenenak bilduko ditu. Igandean ospatuko den Xalbador Egunaren aitzakian, egun horri keinu egiten dion bertsoaldia berreskuratuko du Bertsoak ostiralean, Xenpelar Dokumentazio Zentroaren laguntzaz.

Bertsoa, sareko plaza