Adimen artifiziala eta bertsolaritza, Hitzetik Hortzeran

2025/03/27
Aitzol Astigarraga eta Jon Abrilekin adimen artifiziala izango dugu hizpide aste honetako programan. Horrekin batera Hondarribiko eta Lekeitioko bertsoaldiak izango ditugu ikusgai larunbat gauean, ETB1en.

Adimen artifizialari buruz geroz eta gehiago hitz egiten den garai honetan, Hitzetik Hortzeran ere gaiari heldu nahi izan diogu. Elhuyarren egoitzara egingo dugu bisita eta bertan elkartuko da Mirari Martiarena Jon Abril Elhuyarko koordinatzaile nagusiarekin eta Aitzol Astigarraga ORAI-ko koordinatzailearekin.

Elkarrizketan adimen artifizialaren aukerei buruz arituko dira, baita adimen artifizialak euskaraz jakitearen garrantziaz ere. Gurera ekarrita, bertsolaritzan eman ditzakeen aukerei buruz ere arituko dira. Besteak beste, bertsogintzaren gizarteratzea, zabaltzea eta transmisioa izango dituzte hizketagai. Baita, Bertsozale Elkarteak eta Elhuyarrek martxan duten elkarlanari buruz ere, adimen artifizialaren aurrean sor daitezkeen abaguneen aurrean elkarlanean aritzeko.

Bestalde, bertsoari eta txapelketei buruz ere hitz egingo dugu. Izan ere, epaile lanetan aritutakoak dira, bai Astigarraga, baita Abril ere; eta gaur gaurkoz, ezinezkoa ikusten dute adimen artifizialak bertsolari bati bertsotan irabaztea, ez eta epaile lanak ongi egitea ere.

Lekeitioko eta Hondarribiko saioak ere, ikusgai

Bizkaiko eta Gipuzkoako kostako herrietan izango da aste honetan Hitzetik Hortzera. Lekeition, Erreka haizea izenburuko bertso-saio literarioa egin zen eta Sonia Gonzalez idazlearen esanetara aritu ziren bertsotan Aissa Intxausti eta Ane Labaka bertsolariak.

Hondarribian, berriz, bertso mendaria antolatu zuen Jaizkibel Konpainiak. Ainhoa Aranburuk gidatutako saioan, bertsotan egin zuten Aner Peritzek eta Maialen Lujanbiok.

Hitzetik Hortzera: larunbatean, 21:00etan, ETB1en.