Abiatzera doa Eskolarteko berria

2014/03/03
Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak elkarlanean antolatuko dugu, lehen aldiz, herrialde guztietan oinarri nagusi berak konpartituko dituen Eskolartekoa. Berrituta dator filosofian eta formatuetan. Martxoaren 7tik ekainaren 21era bitartean gauzatuko da.

Txikientzat bertso merenduak

15 urtez beherako haurrek ez dute Txapelketan lehiatuko. Bertso merenduak egingo dira eurentzat hainbat herritan, inguruko bertso-eskoletako taldeak elkartuz, eta giro hurbilean bertsotan eginez.

 15-18 urtekoak Txapelketan

Gazteek Txapelketa gustuko dutela adierazia dutenez, urtean zeharreko bertso merendu eta gazteen saioez gain, 15-18 urtekoek Txapelketan ere parte hartzeko aukera izango dute, nahi duten rolean: bertsolari gisa zein gai-jartzaile gisa. Antolakuntza lanetan ere parte hartzeko gonbita egingo zaie.

Kanporaketak herrialdeka egingo dira, formatu goxoan: bertso afariak zein bertso merenduak eginez, edo saioak eskainiz areto txikietan.

Herrialdetako finalak, berriz, oholtzan izango dira, herrialdeko Bertso-eskolen Egunaren baitan.

Euskal Herriko finala eta festa ekainaren 21ean izango da, Orion.

 Sari nagusia: negulekuak

2014ko Gabonetako oporraldietan antolatuko dira, lehen aldiz, EH mailako negulekuak;  15-18 urteko gazteei zuzenduta, aterpetxe batean. Bertan parte hartzeko aukera zabalduko zaie bertso-eskoletako gazte guztiei. Eskolartekoan EHko finalista izan direnek, berriz, dohainik izango dute egonaldia.

Txapelketaren egutegia

15-18 urtekoak, bat-batekoan

 Kanporaketak

ARABA

-Maiatzean 3 kanporaketa saio izango dira.

 BIZKAIA

-Maiatzak 20, Deustu, 15:00etan

-Maiatzak 21, Algorta, 15:00etan

-Maiatzak 22, Bermeo, 15:00etan

-Maiatzak 23, Elorrio, 15:00etan

 GIPUZKOA

-Martxoak 7, Zarautz. Urpekoak elkartea (Azken Portu), 19:00etan.

-Martxoak 14, Lasarte. Harrieskaileta elkartea, 19:00etan.

-Martxoak 21, Zumarraga. Ama-Lur elkartea, 19:00etan

-Apirilak 4, Mutriku. Gaztetxea, 19:00etan

-Apirilak 10, Azkoitia. Iraurgi elkartea, 19:00etan

*Bertso-afaritarako sarrerak salgai www.bertsosarrerak.eu atarian jarriko dira.

 IPARRALDEA

-Apirilak 26, Baigorri. Bi kanporaketa saio izango dira, Oronozia aterpetxean, haurren Topaketen barnean.

 Finalak, Bertso-eskolen Egunaren baitan

-Arabako Bertso-eskolen Eguna maiatzan izango da.

-Bizkaiko Bertso-eskolen Eguna. Ekainak 7, Gernika, 11:30etan.

-Gipuzkoako Bertso-eskolen Eguna. Maiatzak 11, Arrasate. Amaia Antzokian, 11:00etan

-Iparraldeko Bertso-eskolen Eguna. Maiatzak 31, arratsaldez.

-Nafarroako finala eta bertso merendua apirilan izango da.

-Euskal Herriko finala eta festa. Ekainak 21, Orio.

 Eskolartekoa kopurutan

-Guztira 14 kanporaketa saio izango dira, eta 6 final eta festa.

-15-18 urteko 132 gazte ariko dira bertsotan. Gai-jartzaile taldean parte hartzeko aukera ere emango zaie kideei.

-Gaztetxo horiek Euskal Herriko 37 bertso-eskoletako partaideak dira.

Eskolartekoari buruzko informazio osoa hemen duzue.

2014ko eskolarteko txapelketaren irudia