Abiatu da Europa bat-batean

2016/07/11
Munduko zenbait kantu inprobisatu ezagutzeko aukera eskaini dute UPV/EHU Uda Ikastaroen baitan eskainitako lehen hitzaldiek; arratsaldean lehen emanaldia izango da. Azkenean eta eguraldiak hala behartuta, Donostiako aquariumean.

Astebeteko bideari gaur ekin dio Europa bat-batean Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketak. Astelehenetik ostiralera bitarte jardunaldi akademikoak izango dira goizez Miramar Jauregian eta saioak arratsaldez Donostiako hainbat tokitan, Donostia 2016k eta Mintzolak elkarlanean antolatuta, eta UPV/EHU Uda Ikastaroekin jardunaldi akademikoen kasuan.

Miramar Jauregiko Julio Caro Baroja aretoan izan dira hitzaldiak. Mintzola Ahozko Lantegiko Karlos Aizpuruak egin ditu anfitrioi lanak eta ondoren, Egoitz Zelaiak hartu du hitza eguneko lehen hizlaria aurkezteko. Josep Vicent Frechinak Herrialde Katalanetako kantu inprobisatuaren aniztasuna erakutsi du; Valentziako albaes delakotik hasi eta Mallorcako cançons de ximbomba delakoraino begiratu osoa eskaini du valentziarrak, trovoa, jota eta glosa ere aipatuz. Egun adierazpide hauek dituzten erakusleihoak ere aipatu ditu elkarte, ekitaldi eta argitalpenak, kasu; baita, ostiralean Albert Casalsek modu berezituagoan aurkeztuko duen Corrandescola eskoletako proiektua.

Thomas Nussbaumerrek, Music University Mozarteum Salzburgeko etnomusikologo eta doktoreak, gstanzl adierazpidea ezagutarazi digu. Adierazpidearen izen eta jatorritik abiatu da, horretarako XVIII.menderaino eramanaz. Ospakizunetan, bereziki ezkontzetan, erabiltzen den kantua da eta txapelketak ere egiten dituzte: Red Bull Gstanzl Battle horietan nabarmenena. Gainera, erakustaldia egin dute Norbert eta Hans austriar gstanzlsängerrek bertso jarri bat baliatuta.

Jose Sanchez Conesak Cartagenako trovoa azaldu du eta horretan Marín, Castillo, El Minero eta beste zenbait protagonisten estrofak berreskuratu ditu. Trovalia izeneko jaialdiaz ere aritu da Conesa; Cartagenen antolatzen den topagune honetan gaztelaniaz mintzatzen diren mundu osoko inprobisatzaileak biltzen dira.

Zipreko ordezkaritzak hartu du oholtza gero; Ktima Folklore Elkarteko kideak izan dira, arropa tradizionalekin jantzita; horien artean inprobisatzailea ere baden Marios Poullasek egin ditu hizlari lanak. Irlan darabilten tsiattista adierazpideaz aritu zaigu zipretarra, bereziki 2017an Europako Kultur Hiriburua izango den Paphos hiriburuaren inguruan arreta jarriz. UNESCOk ondare ez-material izendatua du tsiattista eta bere aldaera ezberdinak, ahots deiturikoak, sailkatu eta erakutsi ditu Zipreko ordezkaritzak zuzenean kantatuz.

 

Thierry Rougier frantziarrak Brasilgo Ipar-ekialdera eraman gaitu, hango repente artea eta coquisten jardunaz aritu da, hauen sorkuntza eta egiturak azalduz eta han bertan egindako ikerketan grabatutako audio zein argazkiak uztartuz.

Azkenik, Beñat Krolemek Oholtza, bertsolaritza eta irudia erakusketa aurkeztu du. Mintzola Ahozko Lantegiak eta Mikel Laboa Katedrak esleitutako proiektu sariari esker eta Lankuren bidez garatu du Oholtza erakusketa Krolemek. Aste osoan izango da ikusgai bertsoa eta oholtzaren formak lotzen dituen erakusketa.

Bihar transmisioaz ariko dira hizlariak.

Arratsaldeko emanaldia aquariumera mugitu da

Eguraldia ez da lagun gaurkoan, eta portuan izan behar zuen emanaldia aquariumean izango da azkenean. Kuba, Gales eta Zipreko ordezkaritzak ariko dira kantuan, Amets Arzallus eta Andoni Egaña bertsolariekin. 19:00etan hasiko da saioa eta sarrerak leihatilan eskura daitezke 10 euroren truke.