Abian da Korrika Kulturala

2015/01/08
Euskal kultura bultzatu eta euskara esparru guztietara eraman asmoa duen Korrika Kulturala aurkeztu da gaur Donostian. Korrika Kulturalaren baitan bertsolaritzaz ere gozatzeko aukera izango da. Martxoaren 1etik 15era Bertso-Korrika gauzatuko da eta euskararen aldeko lasterketa erraldoia hasi baino lehen Bideo-kopla lehiaketa egingo da. Horrez gain, Bertsolaritzaren Sekretuak izeneko emanaldi berezia ere eskainiko da hainbat herritan.

Bertso Korrikaren bigarren edizioa izango da martxoaren 1etik 15era.

Bertso Korrikaren bitartez bertsolaritzara hurbiltzean lagundu nahi zaie euskara ikasleei. Izan ere, ikasle askorentzat bertso saio bat entzungo duten lehen aldia izango da. Horregatik, saioko azalpenak eta bertsolarien jarduna egokitu egingo dira, euskara ikasleek uler dezaten. Horrez gain, bertso saioan zer aurkituko duten, aurrez landuko dute euskaltegian. Horretarako, bertso saioko gai-jartzailea joango da euskaltegiko klasera, eta saioaren berri emango die: bertsolariak aurkeztuz, saioan egingo dituzten ariketa motak azalduz, eta bertso baten sorkuntza prozesua zein den azalduz. Ondoren, euskara ikasleek gai-jartzailearen laguntzaz saiorako ariketa edo gai batzuk prestatuko dituzte.

Nolanahi ere, bereziki euskara ikasten ari direnentzat begirako ekimena bada ere, bertsozaleentzat ere saio hauetako ateak zabalik daude, publikoan bertsozaleek eta euskara ikasleek bat egitea baita ekimenak duen beste helburuetako bat.

28 bertso-eskolak hartu dute euren herrian saioa antolatzeko ardura. Bertso-eskola bakoitzak herrian dituen aukerak eta ohituren arabera, neurriko saioa edo ekimena antolatuko du. Horietan plazaz plaza asko ibili ohi diren bertsolariak eta gutxiago aritzen direnak arituko dira. Horiekin batera, 30 gai-jartzaile arduratuko dira euskaltegian klase didaktikoak emateaz eta bertso saioan gai-jartzaile lanak egiteaz.

29 herri hauetan egingo da Bertso Korrika:

ARABA: Kanpezu, Agurain, Oion, Laudio.

BIZKAIA: Durango, Zornotza, Derio, Bilbo, Barakaldo, Algorta, Erromo, Markina-Xemein, Gernika-Lumo, Zalla, Galdakao, Arrigorriaga, Deustu.

GIPUZKOA: Larraul, Andoain, Ordizia, Arrasate, Lasarte.

NAFARROA: Larraun, Iruñea, Lizarra, Elizondo.

LAPURDI: Azkaine, Itsasu, Hendaia.

ZUBEROA: Urdiñarbe.

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Korrikak elkarlanean, Bideo-kopla Lehiaketa jarri dugu martxan. Txapelketa honek helburu bikoitza du: alde batetik, euskara ikasten edota praktikatzen dabiltzanak bertsolaritzaren mundura hurbiltzea eta, bestetik, bertsolaritzak euskara praktikatzeko eskaintzen dituen aukerak erakustea.

Parte hartzaileak: euskaltegietako taldeak zein praktika egitasmoetako taldeak, erakunde guztietakoei zabalik.

Gaia: Helduen euskalduntzea

Kopurua eta euskarria: 6 koplaz osatutako bertsoaldi bat idatzi, bideoz grabatu eta bidali.

Ekimen honen harira egin ditzakezuen ekintza osagarriak: Kopla lehiaketa baliatu liteke, zuen herriko edo inguruko bertso-eskolarekin zein bertsolariekin harremanak egiteko. Herriko bertso-eskolari zein bertsolariei laguntza eskatu zeniezaiekete (zuen taldera gonbidatuz), kopla sorta hori prestatzeko.

Saria: Afaria edo bazkaria sagardotegi batean, bi bertsolarirekin. Parte hartu duten gainerako taldeek ere aukera izango dute sagardotegian lekua eskatzeko (nork berea ordainduta).

Izena emateko epea: martxoaren 9a baino lehen bidali behar da; martxoaren 15ean erabakia hartuko da

Nora bidali: korrika.aek@gmail.com

Epaile lana: Bertsozale Elkartea.

 

BERTSOLARITZAREN SEKRETUAK – Isilduriko emakumeen historia

Historiak sekretuan gorde ditu mendeetan zehar izan diren emakume bertsolariak. Emakume hauen lana gaur egunera iristeko zailtasun asko izan badira ere, (beraien bertsoak erre, gorde, isildu,... baitira), batzuk errekuperatzea lortu da.

Emakume bertsolarien ikurra izan zen Joxepa Anttoni Aranberri Petrirena, “Xenpelar” zenaren iloba. Joxepa Anttoni ez zen aurrena izan, ezta azkena ere. Joxepa Anttonirena bezala, askoren ezagutza galdu dugu bidean eta isilduriko emakumeen historia ekarri nahi dugu argitara. Ikuskizun honen bitartez emakume haiek bizi izandako egoerak, denboran eta espazioan atzera eta aurrera, narrazioz, bertsoz eta musikaz lagunduta argitara ekarri nahi dizkizuegu.

Abian da Korrika Kulturala