700 saio baino gehiago galdu dira 2020an

2020/12/21
Iazko datuekin alderatuta, hamarretik sei saio ez dira egin, eta 735.000 euro ingurukoa da galera ekonomikoa. Bertso-eskola edota bertsozale talde bat dagoen herrietan eutsi zaie, bereziki, bertso saioei, eta Bertsozale Elkarteak herriz herriko bertso-eskolen eta antolatzaileen lana balioan jarri nahi du.

Urtearen amaiera aurreko hamabi hilabeteetako irakurketa egiteko baliatu ohi da. Aurtengoan, gainera, esanahi berezia hartzen du, pandemiak eragin handia izan baitu bertso saioen kopuruetan eta ezaugarrietan, besteak beste.

Xenpelar Dokumentazio Zentroari esker jaso ohi ditugu bertso saioen inguruko datuak. Horien arabera, 2019an, bertsolaritza ardatz zuten 1.121 ekitaldi egin ziren; aurtengoa amaitzerako iragarrita daudenak aintzat hartuta, aldiz, 2020an, 435 egingo direla aurreikusten da. Bestela esanda, bi urteak erkatuta, hamarretik sei saio ez dira egin. Horrek 735.000 euroko galera ekonomikoa ekarri du berekin.

Iturria: Xenpelar Dokumentazio Zentroa

2020ko abenduan: 52tik 41 jaialdiak izan dira (Lagunartekoak: 0 / Plaza libreak: 2 / Bat-bateko bereziak: 9)
2019ko abenduan: 74tik 23 jaialdiak izan ziren (Lagunartekoak: 15 / Plaza libreak: 20 / Bat-bateko bereziak: 16)

 

Eragin handiena, libreko saioetan

Segurtasun arauen neurrira egokitutako saioak gauzatu ahal izan dituzte antolatzaileek, eta, ondorioz, bertso saio mota jakin batzuengan ondorioak handiagoak izan dira.

Lagunarteko eta libreko saioen kasua da hori. Saio hauek osatzen dute multzorik handiena urteroko bertso plazan: alegia, otorduetan edo mahai-inguruan egiten direnak eta gai jartzailerik gabe bertsolariek ikus-entzuleengandik hurbil kalean egiten dituztenak. Aurten, %58 jaitsi dira lehenak, eta %86 bigarrenak.

%58 eta %86 jaitsi dira lagunarteko eta libreko saioak

Jaialdiak – bertsolariak oholtzan eta haien aurrean ikus-entzuleak - izan dira egoerari ondoen eutsi diotenak, nahiz eta iaz baino gutxiago izan diren: 138 egin dira, %37 gutxiago. Kasu batzuetan, lagunartekoen eta librekoen ordezko ere izan dira, hauek egiteko baldintzak ez egonda.

 

 

Lanku Kultur Zerbitzuetan ondorioak

Plaza sustatzeko egituretan ere nabarmena izan da eragina. Lanku Kultur Zerbitzuak enpresa ERTEn egon da udaberrian; izan ere, martxotik antzeman da beherakada nabarmena saioen antolaketan eta horri loturiko zerbitzu eskarian.

Azken hamarkadetan goranzko nabarmena izan dute bertso saioek, eta kopurua mantendu da azken urteotan Xenpelar Dokumentazio Zentroan jasotzen ditugun datuen arabera. Martxora arte, urteko datuak ez ziren batere txarrak; igoera txiki bat ere antzeman genuen bertso plazan lehor samarrak izaten diren lehen bi hilabeteetan. Udaberriarekin batera hasi ohi da saio kopurua ugaritzen eta garai horretan iritsi zen mundua eta bertsolaritza gogor astindu duen larrialdi egoera.

Baldintza berrietara egokitzea ez da erraza izan, baina bertsolariek nabarmendu dute sumatu dutela zaleen bertso gosea. Bertso-eskola edota bertsozale talde bat dagoen herrietan eutsi zaie, bereziki, bertso saioei, eta Bertsozale Elkarteak herriz herriko bertso-eskolen eta antolatzaileen lana balioan jarri nahi du, zailtasun guztien gainetik ekitaldiak gauzatzeko ekina eta eginahala handia izan delako.

Erlazionatutako elementuak
Bertso Egunak egingo ditugu datorren urtean

Jaialdiak izan dira egoerari ondoen eutsi diotenak. / XDZ