30.192 ikaslek bertsolaritza eskolak jasoko dituzte ikastetxean
Bizkar-zorroa bete bertso hasi da 2023-2024 ikasturtea ere. Bertsolaritzak hezkuntzan dituen onuretan sinetsita eta ikasgelan sartzeko helburuz, Bertsozale Elkarteak ikastetxeetan duen proiektua 513 eskolatan izango da aurten: eskola publiko, Ikastolen Elkarteko ikastetxe nahiz kristau eskoletan entzungo dira bertsoak beste ikasturte batez.
Horretan ariko dira lurralde osoko Bertsozale Elkarteko 55 irakasle; ikastetxe batetik bestera mugitu ohi dira irakasleok, neurri handiagoan edo txikiagoan bertsolaritza ikasleei ezagutarazteko. Guztira, 30.192 ikasle ariko dira bertsotan ikasturte honetan, 1.574 taldetan banatuta.
Hitzekin jolasteko jarduera are jolastiagoa egiteko, ikasmateriala gogotik prestatzen du Bertsozale Elkarteko irakasle taldeak: ikas-liburuaz gainera, bertsoikasgela.eus webguneko baliabide digitalak eta bat-batean jarduteko karta jolasak ere eskura dituzte ikasle taldeek. Bertsolaritzaren didaktikan sakontzen dihardu irakasle taldeak, eta ikasturte honetan ere HUHEZIren eskutik formazio saioak jasoko dituzte hainbat irakaslek.
Bertso-eskoletan ere ikasturtea hasita
Ikastetxetik kanpo bertsotan jarraitu nahi duenak ere badu aukera. Euskal Herriko 118 herritan daude bertso-eskolak, baita Amerikako Estatu Batuetan ere onlineko eskola bat. Denetariko eskolak daude, helduenak eta gazteenak kasu, eta bertsotan egiteaz harago, bertsolaritzari loturiko hamaika jarduera gauzatzen dituzte. 1.507 partaide elkartzen dira bertso-eskoletan; horietako 1.055 kide 18 urtetik beherako gazteak dira, eta 89 irakasle arduratzen dira talde hauen asteroko martxaz. Bertsoeskola.eus webgunean dituzte haiei zuzendutako baliabide didaktikoak; baita 2022-2023 ikasturteari lotutako bertso-eskoletako datuak.
Ziur etxetik hurbil izango duzula bertso-eskolaren bat. Interesa izanez gero, jarri harremanetan zure lurraldeko Bertsozale Elkartearekin eta lagunduko zaitugu gertuen duzuna.