28.500 ikasle eta 50 irakasle ariko dira bertsolaritza lantzen
Handitzen goaz. Abiatu berri den ikasturte honetan ere, hezkuntza arautuan bertsolaritza lantzen duten ikasle zein irakasle kopuruak gora egin du. Guztira, 28.500 ikasle eta 50 irakasle ariko dira Euskal Herriko 213 herritako 463 ikastetxetan: ikastetxe publikoek, kristau eskolek zein ikastolek hartzen dute parte Bertsolaritza Ikastetxean ekimenean.
Azken urteotan ahalegin berezia ari gara egiten materialgintzan eta irakasleen formazioan. Materialgintzari dagokionez, bertsoikasgela.eus ataria baliatzen ari gara iaztik ikastetxeetan, eta daukaguna elikatzen jarraitzeko materiala sortzeko lanekin jarraituko dugu. Formazioari dagokionez, formazio gogoetatsua metodologian oinarritutako saioak egingo dira irakasle mintegietan, irakasle bakoitzak bere gelako praktika kontzientea egiteko. Gainera, ikastetxeetan bertsolaritza lantzeko metodologia berritzeko ikerketa lana gauzatuko dugu.
Ikasturte amaiera ospatzeko jaialdi, kantaldi eta topaketarik ez da faltako aurten ere.
Bertso-eskoletan ere lanean
Hezkuntza arautuan egiten dugun lanaz harago, bertso-eskoletara begira ere bagaude. Bertsoeskola.eus ataria sortzeaz gain, bertso-eskola guztietako datuak jaso eta datu basea eguneratzeko lana egingo dugu. Horrez gain, herrialdeetan bertso-eskolen batzordeak sortzen eta indartzen ariko gara.
Bestalde, bertso-eskola berezituak eskainiko ditugu: Ahalduntze Bertso Eskola, Gizon Bertsolarientzako Bertso Eskola Feminista zein Bizkaiko Sakontze Bertso Eskola.
Gainera, Nevadako Unibertsitateak antolatuko dituen jardunaldietan, bertso-eskolak izango dira aztergai. Euskal Herriko bertso-eskolen esperientziaren berri mundura emateko, hitzaldiez gain, liburua ere argitaratuko du Nevadako Unibertsitateak, ingelesez.
Aisialdirako ekintza mordoa
Bertso-eskoletan egiten den lana indartzeko eta zubiak eraikitzeko, ikasturtea ekintza bereziz gainezka izango dugu, ohi bezala: barnetegiak, Bertso Eskolen Egunak, Bertsulari Ttiki Eguna, Eskolartekoa, Eskolatik Plazara, bertsolari gazteekin antolatutako saioak, Bertsoa Bizi Gazte bideoklip lehiaketa, Bertso Udalekuak… ez dira faltako.
Bertsolaritzaz gain, beste kultur adierazpide batzuk ezagutzeko aukera emango digute hiru ekimen hauek: Gabonetako Ahots Baten sormen egonaldiak, unibertsitateko ikasleei zuzendutako Ahostegunak ekimenak zein Gasteizko Gazte Sortegiak egitasmoak.