26.300 ikasle eta 47 irakasle ariko dira ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ikasturte honetan

2017/10/25
Materialgintzan lanketa handia egin da azken bi urteetan, eta egindakoaren emaitza eskuartean daukate irakasleek eta ikasleek.

Abiatu berri den ikasturte honetan ere handitzen doa hezkuntza arautuan bertsolaritzak daukan presentzia. Guztira 26.300 ikasle eta 47 irakasle ariko dira ikasturte honetan Euskal Herriko 507 ikastetxetan bertsolaritza proiektuan barneratuta. Ikastetxe publikoak, kristau eskolak zein ikastolek hartzen dute parte ekimenean.

Eskolak emateko Mundu bat bertso ikasmateriala darabil Bertsozale Elkarteak azken bi ikasturteotan. Gelaz gela bertsolaritza irakasten duten elkarteko lantaldeak sortutako materiala da. Sekuentzia didaktikoak, gaztetxoei zuzendutako bertso sortak, jolasak, teknikari buruzko azalpenak… biltzen ditu. Liburuko ilustrazioak Mirari Sagarzazuk eginak dira, eta Unai Iturriagaren eta Patxi Gallegoren komikiak ere badakartza. Diseinua eta argitalpena Lankuk egin du. Gainera, bertso sortak musikatu egin dira Oskar Estangaren laguntzarekin, eta pantaila baliatuz abesteko egokitu dira. Doinutegia ere badakar ikasmaterialak, baita plazatako bat-bateko bertsoaldi hautatuen bideoak ere.

Bertso eskolak ere, martxan

Ikasturtearekin batera, bertso eskolak ere martxan daude dagoeneko. Herrialde guztietan daude, 120 herri ingurutan, eta ateak zabalik dituzte edonorentzat, gazte zein heldu.

Inguruan zein bertso-eskola dituzun jakin nahi izanez gero, eta izena emateko egin beharrekoak jakiteko, jarri harremanetan zure herrialdeko Bertsozale Elkartearekin.

Euskal Herriko lurralde guztietan eskaintzen da bertsolaritza ikastetxeetan