25 saio baino gehiago eskainiko dira Bertso Korrikaren eskutik

2017/01/25
Gaur aurkeztu da Gasteizen 20. Korrikaren atarian izango den Korrika Kulturalaren eskaintza. Tartean, hirugarren urtez, Bertso Korrikak izango du lekua.

Martxoaren 30ean ekingo dio bideari 20. Korrikak, Otxandiotik hasi eta Iruñearaino. Euskararen aldeko festa ibiltaria hasi aurretik Korrika Kulturalaren aitzakian hainbat ekitaldi gauzatuko dira, Euskal Herria Korrikari ongietorria emateko prestatu asmoz. Eskaintza horren baitan antolatu da Bertso Korrika hirugarren urtez jarraian.

Bertso Korrika AEKk eta Bertsozale Elkarteak sustatutako egitasmoa da. Bere baitako saioen zirkuitua euskaltegien eta bertso eskolen sareek atondu dute elkarlanean. Hala, 25 bertso-saio baino gehiago eskainiko dira martxoan: Agurainen, Zarautzen, Iruñean, Durangon eta Hendaian izango dira saioak, besteak beste. Bertso Korrikarekin bertsolaritzara hurbildu nahi dira euskara ikasleak, baina gainerako bertsozaleentzat ere badira saioak, publikoan bertsozaleek eta euskara ikasleek bat egitea nahi baita.

Bertso saioen zirkuituaren agenda, hemen ikusgai.

Erradikalak Gara emanaldia ere bai

Bestalde, Lanku Kultur Zerbitzuek berriki saritutako Erradikalak Gara emanaldia eskainiko da: bertso eta bakarrizketa formatua du emanaldiak, Beatriz Egizabal antzezle eta ipuin kontalariaren eta Ane Labaka bertsolariaren eskutik. Beraien esanetan "erraietatik ariko dira, umorez, erroetara iritsi nahian". Helduei zuzendutako emankizuna da eta generoaren gaia bete-betean jorratzen dute.

 

Korrika Kulturalaren aurkezpena izan da gaur, Gasteizen.