2022ko kontuak eta 2023ko egitasmo eta aurrekontua onartu ditu Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusiak

2023/03/20
Amasa-Villabonan (Gipuzkoa) ospatu zen Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen ohiko Batzar Nagusia, pasa den larunbatean, 40 bat lagun bertan zirela. Iazko kontuak berretsi eta aurtengo aurrekontua onartzeaz gain, elkartearen sail eta egitasmo ezberdinen berri emateko aukera eskaini zuen batzarrak.

Pasa den larunbatean ospatu zen Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen ohiko Batzar Nagusia, Amasa-Villabonako Subijana Etxean. Elkarteko 40 bat bazkidek hartu zuten parte, eta aho batez onartu zituzten 2022ko kontuak, bai eta 2023ko egitasmo eta aurrekontua ere.

Batzarrak, edonola ere, elkartearen sail eta egitasmo ezberdinak azaltzeko balio izan zuen, diru kontuez harago. Lehendakaritza eta koordinazio taldeak izan ziren hitza hartzen lehenak; tarte horretan, azken urteetan elkarteak bere egitura berrantolatzeko emandako pausuak eta horrek eragindako aldaketak azaldu zituzten bi taldetako kideek. Lehendakaritza taldeak, gainera, taldea beraren erreleboa iragarri zuen. Azaldu zutenez, herrigintza eta kulturgintzako beste hainbat erakunde ere egungo moldeetara egokitzen ari diren honetan, Bertsozale Elkarteko lehendakaritza taldeak ere "aldatzeko premia" du, "egungo egoerari eta egungo bertsolaritzaren mugimenduari erantzungo dion" taldea osatu nahian.

Hasierako tarte horren ondotik, banaka hartu zuten hitza elkartea osatzen duten sail ezberdinetako ordezkariek, nabarmendutako egitasmoak azaltzeko. Hala, igaro berri den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren balorazioak izan zuen bere tartea, bai eta bertso plazaren egungo egoeraren kontakizunak ere. Hedapen taldeak azken urteetako Hitzetik Hortzera eta bertsoa.eus-eko audientzia datu onak izan zituen hizpide. Ikerkuntza sailak Nafarroako Gobernuko Euskarabidearekin lortutako hitzarmenaren berri eman zuen, 2024rako aurreikusten den Bertsolamintza azaltzeaz gain. Xenpelar Dokumentazio Zentroak bere jardunak Bertsozale Elkartean duen oinarrizko kokapena azaldu zuen, eta egungo egoeraren berri eman. Hezkuntza sailak Ipar Euskal Herriko hezkuntza proiektuarentzat prestatzen ari diren materialgintzan jarri zuen azpimarra, eta finantza sailetik finantza eredu beraren berritze beharra nabarmendu zuten.

2022ko kontuen itxiera bozkatu eta onartu, eta 2023ko aurrekontua berretsi ostean, herrialdeetako ordezkariek ere izan zuten hitza. Banaka-banaka, igaro berri den urteko zein martxan denaren inguruko titular nagusiak eman zituzten bost lurraldetako arduradunek.

Mokadutxo batekin eman zitzaion bukaera ohiko Batzar Nagusiari, giro onean.

 

Bertsozale Elkartearen 2022ko memoria edo/eta 2023ko egitasmoa xeheago ezagutu nahiko bazenitu, hemen duzu aukera:

 

Batzar Nagusiko partaideak, bozkaketa momentuan.