“Kapulana bat zintzilik” emanaldiaren aurrestreinaldia eskainiko da gaur

2015/10/06
Amasa-Villabonako Subijana etxean izango da 18:00etan.

Gobernuz Kanpoko Mundukide Fundazioak eta Lanku Kultur Zerbitzuek antolatu dute elkarlanean Kapulana bat zintzilik emanaldia. Mundukidek 15 urte betetzen ditu eta bere lanaren argazki erakusketa ibiltaria eskainiko du; erakusketak irauten duen astearen baitan, egunetako batean, Miren Amurizak erakusketari loturiko emanaldia eskainiko du.

Kapulanak Mozanbikeko emakumeen oihal koloretsuak dira; soineko moduan, haurrei lepoan eusteko, jana biltzeko edota etxeak apaintzeko baliatzen dituztenak. "Emanaldi honetan, kapulana bat zabalduko dugu eta bertan gordetako kantu, kontu eta irudiak aterako" dio Amurizak. Kooperazioaz, nekazaritzaz, haurtzaroaz edota hizkuntzaz ariko da Eider Eibarren ilustrazioak lagun hartuta. "Ez da abentura baten kronika izango, ezta Gobernuz Kanpoko Erakunde baten hitzaldia ere; hausnarketa txikiz eta galdera handiz josiriko kontakizuna baizik. Hala nahi duenarentzat, bere gogoetak eskegitzeko oihal zabala; horixe da Kapulana bat zintzilik”.

Gaurko aurrestreinaldiaren ondotik, honako hitzorduak izango ditu:

  • Berriz, Urriaren 8an. Kultur etxean 20:00etan.
  • Ezkio-Itsaso. Azaroaren 14an, udal liburutegian, 18:00etan.
  • Oñati. Azaroaren 26an, Ulma enpresan 17:00etan.
  • Aretxabaleta. Urtarrilaren 13an. Zaraia kultur etxean, 19:00etan.

 

2015-09-10

Kapulana bete kontu dakar Miren Amurizak