“Identitatea performatibotzat jotzen dugu eta honi pisua eman nahi izan diogu”

2024/04/25
Bertsoa oinarritzat duen antzerki ikuskizun berria dakarte Janire Arrizabalaga, Izaro Bilbao eta Araitz Katarainek, Lokatz Loreak sormen taldeko kideek sortu dute Itzal(iko) bagina. Ikuskizuna oholtzaratu aurreko eta ondorengoei buruz galdetu diegu hiru bertsolari gazteei.

Nondik jaio zen Itzal(iko) bagina ikuskizuna sortzeko ideia eta gogoa?

Duela bi urte sortu zen Lokatz Loreak sormen taldea, “Friki Saioak” ekimenetik. Zenbait proiektu aurrera eraman ondoren, arnasa hartzeko barealdi antzeko batean geundela iritsi zen emanaldi hau egiteko proposamena. Lankuk gure aldeko apustua egitea pozgarria izan bazen ere, zer pentsatu eman zigun proposamenak. Izan ere, oso kontziente gara oholtzan ahotsa hartzeak duen garrantziaz eta arduraz. Hau horrela, zerbait sortzeko gogoz, gaien aukeraketari eta ideiaren enborra josteari ekin genion. Argi izan dugu hasieratik sortzea aldarriarekin estu lotuta dagoela eta hori izan da gure kezka handienetako bat, “Zer daukagu guk esateko?” Bada, antza badugu zerbait esateko eta hori izan da gure motibazio handienetako bat, bertsoari edo munduari, asko esatea ez bada, zerbait eskaintzea.

Zeharkatu gaituena perfomatzen… Zerk zeharkatzen zaituzte? Eta zer performatu nahi izan duzue?

“Zeharkatu gaituena performatzen” azpititulua intentzioz betea dago. Tramaren eta haren esanahiaren zenbait puntu barnebildu ditu. Gu bertso-munduratze prozesuan eta oro har orain artean izan ditugun bizipenetan zeharkatu gaituzten zenbait auzi (ez guztiak, noski) kontatzen ditugu emanaldian. Ez da obra autobiografiko bat, ezta beste pertsona espezifikoren baten bizitzaren ingurukoa ere. Mundua begirada zabalago eta komunago batetik begiratzeko saiakera bat da. Gorputza, lotsa eta lehia eta hauek inguratzen dituzten gatazkak dira, besteak beste, emanaldian agertzen diren gaiak. “Performatu” hitza ere ez genuen ausaz idatzi, identitatea performatibotzat jotzen dugu eta honi pisua eman nahi izan diogu. Aipatutakoa antzezpenetik, gordin eta umore puntu batekin aurkeztu nahi izan dugu.

Nolakoa izan zen sortze prozesua?

Polita izan da. Kolektiboan sortu dugu gidoia eta obra bera. Proposamena jaso eta berehala hasi ginen sortze prozesuarekin, uda oso bat eman genuen zer esan nahi genuen pentsatuz, doinuak aukeratuz, errimak landuz, aurretik idatzitakoa ezabatu eta berriz idatziz… Gustura hartu genuen, gozagarria egiten zaigu batera sortzea. Behin gidoiaren lehen zirriborroa geneukala, Iraitz Lizarragarekin hasi ginen emanaldiari forma ematen eta pixkanaka antzerki bihurtzen. Bertsolaritza den kutxa zurrun horretatik ateratzeko aukera eman digu antzerkira hurbiltzeak, pertsonaiak mimo handiz landu ditugu eta asko ikasi dugu elkarrengandik.

Nola aldatu da buruan zenutenetik oholtzan ikusi daitekeenera?

Esan nahi genuena argi geneukan, eta bageneukan emanaldia izan zitekeenaren ideia desitxuratu bat. Hala ere, berria den zerbait egin nahi den momentuan, inoiz ez dago argi nora hel litekeen. Konfidantza osoa jarri genuen Iraitzengan gura genuen antzerki formato hartara heltzeko. Bidean, beraz, malguak izaten saiatu gara mezua mantentzen zen heinean, beraz aldatu egin da emanaldia. Berritasuna lortu nahi genuen eta pozik gaude emaitzarekin.

Izaro, Araitz eta Janireren itzalak dira ikusten direnak?

Ez gara gu emanaldiko pertsonaiak. Garrantzitsua da hori ulertzea ikuskizunak zentzua izan dezan. Gure bizipen erdi esajeratu batzuk antzezten ditugu, baina baita gure izan gabe zeharkatu gaituztenak ere. Norberarena ez baita norbera zeharkatzen duen bakarra. Nahiz edo ez gugan izugarri eragin dute elkarren eta ingurukoen testuinguruek. Oholtzan agertzen direnak gu bagara ere, edozein identifikatuta sentitu dadin da helburua.

Ze leku du bertsoak ikuskizunean? Zein forma hartzen du?

Gidoia bera bertsoz osatuta dago. Gu bertsolariak gara eta bertsoak presentzia handia du emanaldian. Saiatu gara, doinuen aukeraketarekin, erritmoa edo sakontasuna ematen zenbait puntutan. Finean, bertsoa aldarrikatzeko tresna gisa ulertzen dugu eta berau erabili dugu esan nahi duguna modu zainduan kontatzeko. Elkarrizketak bertsoz gertatuko dira; beraz bereziki zaindu behar izan dugu aspektu hau.

Horrez gain, antzerki formatua eman nahi geniola oso argi izan genuen hasiera batetik. Obrak trama itxura du. Horretarako, antzerkiaren diziplinan babes zein erronka handiak hartu ditugu. Bertsolariaren harrizko gorputzetik ihes egin eta gure buruak zaurgarri aurkezteko bidean, erabaki hau berebizikoa izan da. Bizkar atzeko eskuak eta entonazio monotonodun kantakerak ahaztu ditugu. Antzeztera gatoz, nahiz eta bertsoa izan den gure tresna gidoia gauzatzeko eta istorioa bertso-munduan kokatzen den.

Hirurak bertsolariak zarate. Ze ekarpen egin dizuete Itzal(iko) baginak bertsolari bezala?

Oholtzaratzeko modu berri bat, esan dezakegu eskuak poltsikotik atera ditugula. Bakoitzari aportazio pertsonal handiak egin dizkiola esango genuke. Talde bezala, bestalde, bertsoa ulertzeko bestelako modu bat eman digu, bertsoa praktikatzeko beste modu bat. Batez ere, Iraitzen laguntzaren aberasgarritasuna azpimarratu nahiko genuke. Aurrerantzean oso presente izango ditugun bizipenak eman dizkigu prozesuak, eta emango dizkigu oraindik ere.

Loraldia jaialdiaren barruan egin zenuten aurrestrenaldia, nolakoa izan zen? Ze harrera izan zuen?

Izugarri gozatu genuen. Oso urduri egonik ere, egindako lan guztia erakusteko gogotsu geunden. Jendearen babesa jaso genuen eta hori zoragarria izan zen. Oro har, emanaldira oso konektatuta somatu genituen: barrezka, hunkituta, txaloka… Horrek gu ere hunkitu gintuen. Behin bukatuta, ezin genion irribarre egiteari utzi. Esan gabe doa, hau ez litzatekela posible izango inguruan izan dugun lantaldea gabe. Argi eta soinu teknikariek, Martak eta Iraitzek lan bikaina egin baitzuten beste behin ere. Bonboi bana bakoitzari.

Ze bide egitea gustatuko litzaizueke emanaldi honekin?

Jendeak hala nahi duen arte behintzat antzokiz antzoki ibiltzea gustatuko litzaiguke. Publiko berri batengana iristea, eta gu ikustera etorri dena buruari zenbait buelta emanda itzultzea etxera, baita barre egin ondoreko masailetako minarekin ere. Guretzat oso berezia izan da orain arteko bidea eta aurrera ere hala izatea gustatuko litzaiguke, nahiz eta jakin ez dela dena erreza izango. 

Izaro Bilbao, Janire Arrizabalaga eta Araitz Katarain bertsolari gazteak.