"Gazteekin ahozkotasuna nola landu aztertuko dugu, bertsolaritzaz, kantagintzaz eta ipuingintzaz baliatuta"
Iragan astean aurkeztu zen Mintzola Fundazioaren egoitzan Bertsoa Unibertsitatean zikloa. Bi ikastarok osatuko dute eskola eta datorren astean zabalduko da horietan matrikulatzeko epea. Karlos Aizpuruak, Mintzolako zuzendaritzako kideak, eskolaren gaineko informazioa eskaini die Bertsoako lankideei.
Bertsolaritza eta ahozkotasuna Hezkuntza Arautuan izena darama lehen ikastaroak eta uztailaren 6an eta 7an egingo da. “Mintzolak tradizioa behatu eta aztertzen du egungo beharrei erantzuteko; marko horren baitan konturatu gara gaurko gazteek badituztela ahozkotasunari loturiko arazoak. Hezkuntza arautuan ahozkotasuna nola landu litekeen azalduko duen aditua izango dugu, beste bat bertsolaritzaz baliatuta nola landu daitekeen azaltzeko, eta gauza bera ipuingintzarekin”, azaldu du Karlosek. Bestetik, kantagintzari ere jarriko diote arreta. Izan ere, iparraldean nahiko osasun ona duen arren, hegoaldean nahiko galduta dago Karlos Aizpuruaren aburuz.
Bertsolaritzaren bidegurutzeak izenburua darama, berriz, bigarren ikastaroak eta uztailaren 8tik 10era izango da. Bertsolaritzaren erronkak aztertuko dira hiru talaiatik, ideologiatik, transmisiotik eta ikerkuntzatik. “Esperientzia handia dago, baina bestetik berritzearen beharraz beti zalantzatan gabiltza” azaldu du Karlosek.
Mintzolaren adar ezberdinentzat, erakusleiho
Iazko eskola arrakastatsua izan zela azaldu du Karlosek: “115 matrikula izan ziren eta ikasleengandik jasotako balorazioa baikorra izan zen”. Mintzolaren adar ezberdinak islatu zituzten: ikertegia, elkargunea eta kantu inprobisatuaren ekosisteman nazioartean izandako harremanen esperientzia ere bildu zuten.
Elkarrizketa osoa topa dezakezue Bertsoan.