“Gai edozertarako” bertso saio esperimentala egingo dute ostegunean Donostian

2014/07/04
Bertsoa Unibertsitatean izeneko egitasmoaren barruan bertsolaritzarekin lotutako hiru ikastaro egingo dira hurrengo astean EHUko Udako Ikastaroetan. “Bertsolaritza eta beste sorbideak” da ikastaroetako bat eta horri amaiera emateko performancea egingo dute ostegunean, hilaren 10ean, Donostiako Miramar Jauregian. Sarrera librea da, baina aurrez gonbidapena eskuratu behar da.

Bertsoa Unibertsitatean eskolaren barruan, “Gai edozertarako” izenburupean bertso saio esperimentala egingo dute Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga bertsolariek, Ixak Arruti  musikariaren laguntzaz. Jon Martin bertsolaria izango da gai-emailea. Sorbide ezberdinetan gauzatutakoak gaitzat harturik, honako gaiak izan daitezke: poemak, aforismoak, narrazio laburrak, argazki, komiki, eskultura, zarata, soinu, antzerki esketx, mozorro…

Saioa arratsaldeko 19etan hasiko da Donostiako Miramar Jauregian. Sarrera librea da, baina ezinbestekoa da aurrez gonbidapena eskuratzea. Saiorako gonbidapenak Bertsozale Elkartean eskuratu daitezke, (00 34) 943 69 41 29 telefono zenbakian. Sarrera kopurua mugatua da eta bakoitzak gehienez bi sarrera eskatu ditzake.

Maialen Lujanbiok eta Unai Iturriagak hartuko dute parte performancean.