´Emakumeen haria´: ekainaren 7an memoria historikoari eskainitako eguna Amasa-Villabonan

2024/05/15
Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen egoitza oihal fabrika izan zen pasa den mendean; bertan lan egindakoak eta egiten dutenak batuko dira ekimen honen inguruan.

Amasa-Villabonako Udalak Subijana eraikinaren memoria historikoa berreskuratzeko ekimena jarri du martxan, Bertsozale Elkartearen laguntzarekin. Eraikina 1880tik 1960ra oihal fabrika erreferentea izan zen eta langile asko emakumeak ziren. Egun, Bertsozale Elkartearen egoitza da eta bertsolaritzak eta bereziki emakumeek egindako lana ere nabarmendu nahi du udalak. Gainera, oihal fabrikatan bertsotan aritzen ziren langileak. Subijana eraikinaren iragana eta oraina islatuko dituen horma-irudia jarriko da fatxadan, Izaro Lizarragak eta Arantxa Orbegozok marraztua, Maialen Lujanbioren bertsoarekin.

Hurrengo ekimena eskainiko da ekainaren 7an, herritarrei zabalik.

Subijana eraikinean bisita gidatua, 17:00etan

17:00etan Subijana etxean bisita gidatua egingo da. Oihal fabrika zaharraren berri emango du Fanny Alonsok, eta bertan lanean aritutako emakume adinekoak gonbidatuko dira bereziki, elkarrizketan aritzera. Eta egun, Subijanan Bertsozale Elkarteak egiten duen lana azalduko dugu Elkarteko kideok.

“Emakumeen haria” muralaren inaugurazioa, 18:00etan

Izaro Lizarragak eta Arantxa Orbegozok horma-irudian islatu dutena azalduko dute. Maialen Lujanbioren bertsoa ere plazaratuko da ekitaldian.

Oihal fabrikari eta garaiko emakume bertsolariei eskainitako bertso saioa

Bertso saio tematikoak aukera emango digu 1880-1960 urte bitarteko Subijana oihal fabrikaren barrura sartzeko, baita garaian Villabona inguruan bertsolaritzak zuen indarraz jabetu eta fabrikako bat-bateko bertsoaldiak bizitzeko ere, historiako emakume bertsolarien berri ikasiz. Bertsolaritzaren memoria berreskuratzea ere badu helburu bertso saioak.

Emakumeen haria web

 

Izaro Lizarraga eta Arantxa Orbegozo ari dira horma-irudia margotzen.