“Bertsozale Elkartea ere, euskararen alde!”
Aurten ere etorriko da AEKren ekimen maitatuenetako bat: Korrika Euskal Herrira itzuliko da. 23. edizio honetan, Irunen hasi eta Baionan amaituko du bere ibilbidea Korrikak, eta Bertsozale Elkarteak ere izango du bere kilometroa. Egun horiek iritsi aurretik ere, hamaika herri girotu dira Korrika Kulturalaren bitartez; tartean, bertso-eskolen edo Lanku Kultur Zerbitzuen bitartez antolatutako emanaldiak.
Eman izena hemen
Euskal Herriko Bertsozale Elkartetik azken egunean, martxoaren 24an hartuko dugu lekukoa; Mugerren, goizeko 10:39an. Gurekin batera korrika egitera etortzeaz gain, lekukoa ere eraman nahi baduzu, bete izen-emate formularioa. Gero, zozketaz erabakiko dugu nork eramango duen lekukoa, lehendakaritza taldeko ordezkari batekin batera.
Lurraldeetan ere, Korrika
Euskal Herriko Bertsozale Elkartea osatzen duten lurraldeetako zenbait elkartek ere hartuko dute parte Korrikan, eramango dute lekukoa. Horietara ere joatera animatu nahi zaituztegu, Euskal Herri osoan euskararen eta bertsogintzaren alde korrika egin dezagun.
Hauexek lekuak eta datak:
Bertsularien Lagunak Elkartea
2024-03-14, 20:45. Senpere, Nettoko itzulgunea. 71. Kilometroa. Lekukoa: Larraldeako (Senpere) bertso eskolako haurrak
Nafarroako Bertsozale Elkartea
2024-03-15, 19:08. Zubiri, 281. kilometroa.
Bizkaiko Bertsozale Elkartea
2024-03-21, 17:40. Bilbo. 1852. kilometroa. Lekukoa: Jone Uria eta Haizea Telleria
Gipuzkoako Bertsozale Elkartea
2024-03-23, 20:00. Donostia. 2560. kilometroa. Lekukoa: Asier Azpiroz