“Aldaketa nagusia jaialdien gorakada eta librekoen beherakada izan da”
Zergatik eta zertarako egiten da Plazaren Azterketa?
Bertsozale Elkartean 2018an egin zen gogoetan eta sustapeneko lehentasunetan plazan eragitearen garrantzia azpimarratu zen. Atera zen ondorio nagusia izan zen plazan eragin ahal izateko, plaza ezagutzea ezinbestekoa zela. Elkarteak egiten dituen egitasmo askok zerikusia dute plazarekin eta plaza ezagutzen ez badugu ez dakigu egiten ari garen hori benetan plazaren beharra den edo ez. Plaza ezagutzeko daukagun erraminta baliagarriena da plaza azterketa bera. Datuen bilketa Xenpelar Dokumentazio Zentroari esker egiten dugu, urte osoan zehar egiten diren saio ia guztien datuak biltzen ditugu eta azkenean datu base horri esker plaza azterketa egitea erraza eta era berean garrantzitsua da.
Zein da 2022ko azterketaren ondorio nagusia?
Plaza pandemia aurreko datuetara itzuli dela izango litzateke titular nagusia. Lekura ez nuke esango, txostenean zehar ikusten delako leku desberdin bat hartu duela. Saio mota batzuk lehen baino kopuru altuagotan ari direlako antolatzen eta beste batzuk gutxiagotan, kopuru orokorretan saio kopurua mantendu den arren.
Saio motaren arabera, zer aldaketa ekarri ditu pandemiak?
Urteko bertso saio kopurua antzekoa da. Aldaketa nagusia jaialdien gorakada eta librekoen beherakada izan da. Lehendik ere bilakaera hori bazetorrela esan daiteke, baina oso aldaketa txikia zen urtetik urtera ematen zena. Pandemian librekoak eta otordu bueltakoak izan ziren antolatu ez zirenak, balditzek uzten ez zutelako, eta jaialdiak edo oholtza gaineko saio bereziak ziren antolatu ahal ziren bakarrenetakoak. Horrek ekarri zuen librekoak antolatzen ziren herrietan jaialdiak antolatzeko hautua hartu izana. Orain normaltasuna itzuli denean, antolatzaile askok jaialdiaren formatua mantendu dute librekoaren ordez.
Generoari dagokionez, datuak orekatzera doazela dirudi. Nola azaldu daiteke bilakaera hau?
Datuetan ikusten zen pixkanaka bazetorrela orekatzea, baina aldaketa nabarmenena 2017-2018tik aurrera ematen da. Ez dakit kasualitatea den edo arrazoien artean egon daitekeen Elkartearen gogoeta estrategikoarekin bat egitea. Elkarteak lehen lerrora ekarri zuen feminismoa, generoa eta plazako parekidetasunaren gaia. Bertsolaritza gizarte mugimendua denez gero, elkar eragiten dute eta gizartean feminismoak presentzia irabazi ahala bertsolaritzan ere hartu du lekua. 2018tik aurrera emakumeen parte-hartzeak egin duen gorakada askoz ere handiagoa izan da beste urteekin alderatuz. Elkarteak urtetan egin du lana plazan egon den ezberdinkeria ikusarazteko, guzti horrek lan pedagokiko bat ekarri du antolatzaileengan ere. Pixkanaka hartu dute emakume bertsolariek plazan lekua, eta pandemiak eman dio azkeneko kolpea. 2022an joera hori mantendu da, eta gizonezko eta emakumezko bertsolarien parte-hartzea parekatua izan da. Hala ere, saio moten arabera badaude ezberdintasunak oraindik. Bereziki izen ematea librea den saio motetan, txapelketaren moduan, gizonezkoen parte-hartzea askoz ere handiagoa da. Ez Da Kasualitatea bezalako saioek berriz emakumezkoen parte-hartzea areagotzen dute.
Nola banatzen da plaza belaunaldien arabera?
Gaur egun dabiltzan bertsolarien belaunaldiak orekatuta daudela esan daiteke. Egia da, 30-40 urtetatik aurrera desberdintasun batzuk ematen direla. Aldiro bertsolari batzuk plazako ibilbidea bukatzen doazelako, batzuk hautu propioz eta beste batzuk halabeharrez. Belaunaldi gazteetatik jende berria sartzen da beti, eta horrek bertsolari batzuk plazako zirkuitotik ateratzea edo bigarren lerrora pasatzea dakar. Egia da, 25 urtez azpiko 100 bertsolaritik gora izan direla, baina guztiek ez dute plazetan jarraituko gerora, beste belaunaldietan pasa den moduan. Azken urteetan plaza kopuru antzekoa dugu eta horietan kantatu ahal izateko bertsolari asko daude. Ondorioz batzuk plaza gehiago eta besteak gutxiago izango dituzte. Nabarmen ikusten da adibidez 60 urtetik gora emakumerik ez dagoela. 25 urtez azpikoetan berriz, gehiago dira emakuzmezkoak gizonezkoak baino. Belaunaldi berrietan eman da lehen aldiz kasuistika hau.
Eta lurraldetasunaren ikuspegitik?
Hau da bilakaera aldetik aldaketa gutxien izan duen aztergaia azken hamarkadan. Normalean aztertzen ditugun alderdi guztiek antzeko parametroak dituzte. Lekuko errealitate soziolinguistikoari erantzuten diote datu datuek. Behar handiena dagoena herrialdeetan lan izugarri bat egiten da bertsolaritza presente egoteko, saioak antolatzeko eta bertako bertsolariak aurrera ateratzeko, horri esker mantentzen da bertsolaritzaren presentzia. Horrek beste behar bat ere azaleratzen du, hainbeste baliabide eta errekurtso ez dituzten lekuetan bertsolaritza egoteko lan gehiago egin beharra. Ea hurrengo urteetan asmatzen dugun argazki hori orekatzen.