‘Sormenean hezi, kulturan bizi III’ jardunaldiak egingo ditugu urriaren 26an Azpeitian

2024/09/11
'Kultur Sorkuntzaren Transmisioa' ekimenak, Bertsozale Elkartea kide denak, jardunaldiak antolatu ditu urriaren 26an Azpeitian. Hirugarren jardunaldiotan fokua hedabideetan jarriko da. Izen-ematea zabalik dago.

Euskarazko kulturgintzaren transmisioari buruzko hirugarren jardunaldiak aurkeztu ditugu gaur goizean, Azpeitian: bertako San Agustin Kulturgunean izango baita Sormenean Hezi, kulturan bizi III. jardunaldia, urriaren 26an. Bertsozale Elkartea talde antolatzaileko kide da, kultur eragile askorekin elkarlanean, Kultur Sorkuntzaren Transmisioa ekimenaren baitan. Aurtengo edizioan, hedabideak izango dira ardatz: transmisioan eragiten ote duten eta nola eragin dezaketen aztertuko dugu.

Jardunaldiek goiz eta arratsaldeko egitaraua proposatu dute, eta dagoeneko zabalik dago izen-ematea, UEUko webguneko esteka honetan. Jardunaldiei hasiera emango die Behategiak eta Elhuyarrek elkarlanean egin duten ikerketaren aurkezpenak: euskarazko kulturgintzaren hedabideetako presentzia aztertu dute.

Beraien ostean, “Zertan da euskarazko kulturgintzaren komunikazio-jarduna?” galderari erantzungo diote, mahai-inguruan, Iñaki Etxeleku aktore, kultur-eragile eta kazetariak; Ane Zuazubiskar bertsolari eta kazetariak eta Josune Velez de Mendizabal aktore, ipuin-kontalari eta kazetariak. Inma Errea Itzultzailea, idazlea eta kazetaria izango dute moderatzaile.

Jardunaldiei amaiera emango diete Amagoia Gurrutxaga LANARTEA Euskararen Langile Profesionalen Elkarteko koordinatzaileak eta Pol Cruz-Corominas, Plataforma per la Llenguako Kultura Batzordeko kideak. Biak ala biak kultur kuotez ariko dira.

Euskarazko kultur transmisioarekiko kezkak bildu zuen duela bost urte lehen aldiz taldea, eta ordutik hirugarren jardunaldiak dira aurten antolatu ditugunak. Lehen bi jardunaldietan hezkuntza izan zen ardatza: 2019koan hezkuntza arautuan jarri zuten fokua, eta 2021ekoan hezkuntza arautuaz gaindi aritu ziren. Aurtengoan, goian azaldu bezala, hedabideak dira protagonista, ulertzen baitugu beraiek ere badirela eragile.

Kultur Sorkuntzaren Transmisioa ekimeneko kide gara: Ahotsenea, Bertsozale elkartea, EIE, EIZIE, Elkar fundazioa, Euskal Wikilarien elkartea, Hik Hasi, Jakin, Lanartea, UEU. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu ditu jardunaldiak, eta Azpeitiko Udala da laguntzaile.