2018a bertsolarien ahotik, Hitzetik Hortzeran

2018/12/27
Gogoratzen duzue zer utzi digun 2018ak? Igandeko programan urteak utzitakoak errepasatuko ditugu bertso-doinuz eta neurri ezberdinetan. Hamabi bertsolarik bertso-jarri bana kantatuko digute eta urteko bertso onenak berreskuratuko ditugu.

Urtearen memoria ibiltaria

Urteko azken igandera heldu gara eta programa berezi honetan 2018k utzi digunari buruz kantatuko dugu. Zertaz oroituko gara? Zer ahaztu nahiko genuke? Plazaz-plaza dabilen bertsolaria urtearen memoria ibiltari bilakatzen da. Hori dela eta, hamabi bertsolariri bertso-jarri bana eskatu diegu; hurrenez-hurren Beñat Gaztelumendi, Miren Amuriza, Miren Artetxe, Iñaki Murua, Amets Arzallus, Aitor Servier, Sarai Robles, Oihana Bartra, Andere Arriolabengoa, Xabat Galletebeitia, Eneko Lazkoz eta Maialen Lujanbiori. Zeri kantatuko ote dio bakoitzak?

Urteko bertsoaldi hautaketa

Igandeko programan 2018ak utzi dituen bertsoaldi onenak eskainiko ditugu. Besteak beste Tolosan Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña; Alegian Beñat Gaztelumendi eta Jon Maia; Zigoitian Oihana Iguaran eta Alaia Martin; Legazpin Aitor Sarriegi eta Unai Agirre; Iruñean Julio Soto; Zarautzen Amets Arzallus eta Iker Zubeldia; Anoetan Aitor Mendiluze eta Getxon Jon Maia, Unai Iturriaga, Andoni Egaña, Jone Uria eta Fredi Paia.

Hitzetik Hortzeraren 30. Urteurrena

Errepasoak-errepaso, 1988ko abenduan emititu zen Hitzetik Hortzera telebista programaren lehen atala. 30 urte beteko ditugu eta hori ospatzeko lehen saio hartako irudiak berreskuratuko ditugu igandeko programan. Nola aldatu ote da Hitzetik Hortzera 30 urteotan?

Igande bazkalostean ETB1en

Hori dena igandean arratsaldeko 15:00etan Euskal Telebistako lehen katean. Eta zuzenean ikusi ezin duenak internetez ere izango du aukera, EITBren Nahieran orrian.