179. zenbakiarekin, urteari agur

2016/12/15
BertsoZalearen 2016ko azken berripapera kalean da: Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala, Arabako eta Nafarroako txapelketak, "Mundu bat ahoz aho" dokumentala eta Bertso Eguna dira albiste.

Urtea amaitzearekin batera bukatuko da udaberrian hasitako Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Larunbatean bertan izango da finala Bilboko Bilbao Arenan 17:00etatik aurrera. Oholtzan elkartuko dira Etxahun Lekue, Jone Uria, Beñat Ugartetxea, Ibon Ajuriagojeaskoa, Miren Amuriza, Onintza Enbeita, Xabat Galletebeitia eta Nerea Ibarzabal.

Urtearen hondarrean kanporaketekin hasi da eta hasiko da Arabako Txapelketa eta Nafarroakoa, hurrenez hurren. 2017an jokatuko da, hala ere, txapelketaren zatirik mardulena eta xehetasun gehiago orduan izango ditugun arren, aurrerapen txiki bat dakar berripaperak. Mintzola Ahozko Lantegiak garatu eta Lanku Kultur Zerbitzuek ekoitzitako Mundu bat ahoz aho dokumentalak ere ekin dio bere bideari. Durangoko Azokan aurkeztu zen jendaurrean eta aurrerantzean Euskal Herri osoan zehar proiektatzea da asmoa. Ikus-entzunezkoaren nondik norakoak ale honetan dituzu.

Bestalde, Bertso Egunaren ingurukoak ere bildu ditu BertsoZaleak. Atzo iragarri bezala, 2017an ez da izango Bertso Egunik eta 2018an itzuliko da ibiltari izaerarekin.

Sustrai Colinak Xilaban botatako agurra, Jon Gurrutxagaren puntua, koplak eta poto-finixa ere ez dira falta, urteari behar bezala agur esateko.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketak hartu du BertsoZalearen azala.