Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Oinarriak

Oinarriak PDFn deskargatzeko, klikatu hemen.


ZER DA ZirTok?

Tiktoken euskarazko umore errimatua sustatu eta bere eragina ikertzeko helburuarekin, "ZirTok" lehiaketa antolatu dute Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea, Hiru Damatxo eta Bertsozale Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundariaren Etorkizuna eraikiz ekimenak lagunduta.

LANEN EZAUGARRIAK

Parte hartzaileek umore errimatuko TikTokak edo bideo laburrak sortu beharko dituzte. Hiru modalitate egongo dira: esketx errimatua (aurrez prestatua), bat-bateko zirtoa (filtroekin), eta bat-bateko puntu erantzuna (filtroekin).

 

1. Esketx errimatua

Umore errimatuko bideo laburrak izango dira. Umore errimatua, nahieran egin liteke:


-Elkarrizketa errimatu laburra edo “zirtoa” osatuz (batak esan eta besteak errimatuz erantzun).
-Puntuari erantzunez.
-Puntuka eginez.
-Kopla edo bertso batekin osatuz TikToka.
-Rapeatuz
-…
Eredu gisa, ikusi hemen zer-nolako bideoak aurkeztu daitezkeen modalitate honetara.

 

2. Bat-bateko zirtoa (filtroekin)

Antolatzaileek TikToken emandako filtroak* erabiliz, bat-batean sortutako bideoak izango dira. Zirtoari erantzuteko modalitatean, ausaz esaldi bat agertuko da, eta bat-batean, esaldi batekin erantzun beharko da, errimatuz.

*Filtroa erabiltzeko, TikToka bidaltzear zaudela, sakatu “efektuak” botoian, gero lupan, eta bilatu ezazu “Zirtok”. Bi adin eskaintzen dira aukeran: 16 urtez azpikoei zuzendutako filtroak (-16) eta 16 urtez gorakoentzat direnak (+16).

Hemen ikusgai modalitate honetako ereduzko bideoa:  


3. Bat-bateko puntua (filtroekin)

Antolatzaileek TikToken emandako filtroak* erabiliz, bat-batean sortutako bideoak izango dira. Puntuari erantzuteko modalitatean, ausaz puntu bat agertuko da eta, bat-batean abestuz, puntuari erantzun egin beharko diozu, neurri txikian nahi duzun moldean (kopla osatuz, 3 puntuko kopla, zortziko txikia, 9 puntukoa…).

*Filtroa erabiltzeko, TikToka bidaltzear zaudela, sakatu “efektuak” botoian, gero lupan, eta bilatu ezazu “Zirtok”. Bi adin eskaintzen dira aukeran: 16 urtez azpikoei zuzendutako filtroak (-16) eta 16 urtez gorakoentzat direnak (+16).


Hemen ikusgai modalitate honetako ereduzko bideoa:  


PARTE HARTZAILEAK

13 urtetik gorako edonork har dezake parte lehiaketan.
Lanak banaka ala taldean osatu daitezke.
Kopuruari dagokionez, nahi beste bideo aurkeztu daitezke lehiaketara.


SARIAK

Hainbat sari banatuko dira lehiakideen artean:

•    Bideo onenaren saria: 500€
•    Esketx errimatu onenaren saria: 250€
•    Bat-bateko zirto onenaren saria (filtroekin): 250€
•    Bat-bateko puntu erantzun onenaren saria (filtroekin): 250€
•    Zozketaz, parte hartzaile guztien artean: 250€

 

EPEAK

Lanak apirilaren 1etik maiatzaren 31ra bitarte (biak barne) bidali daitezke.
Lan sarituak ekainaren 16rako jakinaraziko dira.


LANAK AURKEZTEKO MODUA

Bideo laburrak TikTok-en argitaratu beharko dira, #Zirtok kontua etiketatuta.


TIKTOK-ak NON ZABALDUKO DIRA?

#zirtok etiketa duten bideoak TikTok plataformako ZirTok kontuan zabalduko dira eta lehian sartuko dira. Antolatzaileek lehiaketara aurkeztutako bideoei euren webgune eta sare sozialetan nahi besteko zabalkundea emateko eskumena izango dute, denbora mugarik gabe, ekimena sustatzeko edo-eta etorkizuneko didaktika helburuetarako.


ZERI EZ ZAIO ZABALKUNDERIK EMANGO?

•    Edukia desegokia bada (iraingarria, sexista, arrazista, homofoboa, diskriminatzailea…), bideoaren zabalkunderik ez da egingo eta lehiaketatik kanpo geldituko da eduki hori.

•  Saritua den bideoan adin txikikoak agertzen diren kasuan, gurasoek idatzizko baimena sinatu beharko dute saria jaso ahal izateko eta bideoari dagokion zabalkundea emateko.


EDUKIARI DAGOKIONEZ, ZAINTZEKOAK

•    Bideoak telefono mugikorraz grabatu daitezke.
•    Bideoak formatu bertikala izan behar du TikTokerako.
•    Bideoak laburra izan behar du (nahi besteko laburra).
•    Bideoek ezin dute egile eskubideak dituen irudirik edo musikarik erabili.
•    Bideoek ezin dituzte urratu pertsonen pribatutasun eta irudi eskubideak (hildakoenak ere ez).
•   Lehiakideek TikTok zerbitzuko terminoak bete behar dituzte. Horren arabera, zerbitzuak eskuratzeko edo erabiltzeko pertsonak 13 urte edo gehiago izan behar ditu, eta ezin du edozein pertsonarentzat difamatzailea den materialik eskura jarri, (lizuna, iraingarria, pornografikoa, gorrotagarria, arrazista, diskriminatzailea edo subertsiboa).
•    Heldu gazteentzako TikTok-en pribatutasun-politikari buruzko informazioa, hemen.
•    TikToken politika intelektualei buruzko informazioa, hemen