Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Epai irizpideak

Bat-bateko bertsoak epaitzeko irizpideak

Xilaba Bertsulari Xapelketa 2016

Aurkibidea

  • Hitzaurrea
  • Sarrera
  • 1.- Gaia
  • 2.- Hizkera
  • 3.- Neurria
  • 4.- Errima eta oinak
  • 5.- Doinua
  • 6.- Testua
  • 7.- Baliabide paratestualak
  • 8.- Denbora
  • Epaimahairen oharra

HITZAURREA

Bat-bateko bertsoak epaitzeko irizpideak bildu ditugu liburuxka honetan. Bertsozale Elkarteak lehen ere argitaratu izan ditu epai irizpideak1, eta Txapelketa Nagusiaren atarian berriro heldu nahi izan dio zeregin horri. Izan ere, bat-bateko bertsoak epaitzeko, ez dago behin betiko irizpiderik ematerik. Bertsogintza garaian garaiko gizarte ezaugarriei lotua egon izan da lehen eta orain, eta gizartea aldatu den bezalaxe, bertsogintza bera ere aldatu egin da. Ez da harritzekoa, beraz, bat-bateko bertsoak epaitzeko irizpideak etengabe berrikustea eta berridaztea, ezinbestekoa baita bertsogintzak aldian-aldian dituen ezaugarrien araberakoak izatea.

Lan taldeak oso aintzat hartu ditu aurretik argitara emandako irizpideak, eta, funtsean, haiek berriz formulatu eta osatzea izan da bere egitekoa. Bat-bateko bertsuak epaitzeko irizpide hauek, beraz, beste batzuen jarraipen dira, lehen egindako urratsen segida, eta, ondo bidean, gero etorriko direnen oinarri.

XILABA Bertsulari Xapelketa 2016
Epaile taldea

SARRERA

Txapelketa Nagusiko bat-bateko bertsoak epaitzeko irizpideak ezarri aurretik, badira oinarrizko zenbait kontsiderazio, epaimahaikide bakoitzak barneratuak eduki behar dituenak:

1. Bat-bateko bertsogintza komunikazio ekintza da. Entzuleengan, publikoarengan, eragitea du lehen egitekoa, eta horrek, funtsean, emozioak sortzea dakar: alaitasuna, atsekabea, hunkipena, poza, beldurra, errukia, haserrea, harridura… Komunikazio ekintza guztiak bezala, testuinguru batean gertatzen da, une eta gune jakin batean.

2. Txapelketetako jardun ereduan, lehiaketak berak eta honek dakartzan ondorioek ezaugarri bereziak eransten dizkiote testuinguruari. Une eta gune jakineko komunikazio ekintza izanik ere, beti gogoan eduki behar da lehiaren testuinguruan sortzen dela, eta horrek eragin zuzena izaten duela bertsolarien komunikatzeko moduan, komunikazioari ezartzen dizkioten helburuetan, eta horretarako erabiltzen dituzten baliabideetan.

3. Bat-bateko bertsogintzan, komunikazio egoera da abiapuntua. Bertsoaldi bakoitza (banakakoa zein binakakoa) komunikazio egoera batetik abiatzen da. Komunikazio egoera horrek zedarritzen du testuingurua, eta komunikazio egoera bera, nagusiki, gaiak zedarritzen du; ezin da ahaztu, ordea, gaiaren formulazioak, kantuan ari diren bertsolarien ezaugarriek, aurretik sortu diren komunikazio egoerek, entzuleek... horiek guztiek ere berebiziko garrantzia dutela komunikazio egoera zehazteko orduan.

4. Bat-bateko bertsoa genero berezia da ahozkotasunaren barruan. Gaur egun ahozkotasunaz hitz egiten dugularik, oso gogoan eduki behar dugu ahozko generoek bestelako ereduen eragina dutela, idatzizkoena batik bat. Bat-bateko bertsogintzan ere eragin dute eredu horiek, eta horrek ondorioak izan ditu inprobisatzeko moduan eta erabiltzen den hizkeran. Inprobisatzea, gaur egun, bat-batean sortzea ez ezik, aurrez sortua bat-batean kudeatzea ere bada. Bertsogintzako hizkeran, berriz, ahozko formak ez ezik, idatzizko ereduen bitartez edo ikus-entzunezkoen bitartez barneraturiko formak ere ageri dira.

5. Bat-bateko bertsoa hainbat zatik osatzen duten osotasuna da. Plazaratu, osotasun gisa plazaratzen da, kantuz emaniko testu moduan. Bertsolariaren lana epaitzeko orduan, testu kantatua da muina. Ezin da ahaztu, ordea, testu kantatu hori sortzeko prozesuan, bertsolariak aukera asko eta era askotakoak egin dituela, eta guztiek zeresana eduki dezaketela komunikazio asmoan.

6. Bertso-epailea entzule kualifikatua da, baina entzulea hala ere. Bertsoak entzule bakoitzari modu batean eragiten dion bezala, epaileei ere modu banatan eragiten die.

7. Txapelketako bertsoa bat-batean epaitu beharrekoa da, ezbairik gabe. Bertsoak, plazaratzen den une berean, zer indar eta balio duen neurtuko du epaileak, hori ebaluatuko du.

Laburbilduz, testuinguru jakin batean eta komunikazio egoera jakin bat abiapuntu dela, bertsoa, testu kantatua, epaitzea da epailearen egitekoa. Noiz, non, nori eta zergatik esaten den oso kontuan harturik, bereziki zer eta nola esaten den begiratuko du epaimahaiak. Egiteko hori aurrera eramateko ardurak, jarrerak, ahalmenak eta prestakuntzak bereizten du epailea gainerako entzuleengandik, eta horretan laguntzeko dira irizpide adostu hauek.

1.- GAIA

EZAUGARRI OROKORRAK

1.1. Gaia esaten dugunean, edukiaz eta eduki hori formulatzeko moduaz ari gara. Entzuleak eta bertsolariak abiapuntu berean jartzeko bitartekoa da gaia; ez bitarteko bakarra, baina bai nagusia.

1.2. Edukiak modu jakinean formulatu izanak ez du esan nahi abiapuntua itxia denik, bakarra izan daitekeenik. Bertsolariari utzi behar zaio erabakitzen, eduki eta formulazio jakinetatik abiatuta, gai hori zer den, zertarako den, zein helduleku duen: estu-estu hartuko duen, abiapuntu izateko erabiliko duen... Azken batean, bertsolariari gaia bere egiten utzi behar zaio.

1.3. Bertsoaldi bakoitza komunikazio egoera batetik abiatzen da, eta komunikazio egoera horren ezaugarri nagusiak gaiak dakartzan edukiei eta formulazioei lotuak etorriko dira. Bertsolaria errealitatean edo fikzioan kokatuko du gaiak, rol bat edo bestea emango dio, bertsolarien arteko harreman modu bat ezarriko du (binaka ari direnean).

1.4. Kartzelako ariketan, bertsolariak, epaileak eta entzuleak ez dira abiatzen komunikazio egoera beretik, lehen bertsolariaren kasuan izan ezik. Bigarren bertsolaritik aurrera, gaia ez da berria epaileentzat eta entzuleentzat, bai, ordea, kantatu behar duen bertsolariarentzat. Bertsolariek kantatu ahala, komunikazio egoera modu jakinean aldatu da epaileentzat, entzuleentzat eta atzetik datorren bertsolariarentzat. Epaileek bertsolariaren komunikazio egoera zein den kontuan hartuko dute, eta kartzelako gaiari lehendik kantatu dizkioten bertsoek ez dute eraginik izan behar ondotik etorriko diren bertsoak epaitzeko.

1.5. Bertsolariak binaka ari direnean, bien artean zertuko dute egoera hori, bien artean egingo dute hasi eta bukatu arteko bidea. Bi bertsolarien arteko elkarrizketa horiek itxura asko har ditzakete, eta, hasi baino lehen, ez dago esaterik bat bestea baino egokiagoa denik. Bertsolariak lortzen duen emaitzak egingo du bidea egoki edo desegoki, eta emaitza epaituko da.

1.6. Bertsolaria banaka ari denean, haren esku dago erabakitzea bertsoaldiak zein itxura izango duen; nola hasiko den, nola jarraituko duen eta nola bukatuko duen erabakitzeko, komunikazio egoera izango du abiapuntua bertsolariak, eta epailea ere komunikazio egoera horretatik abiatuko da. Banakako bertsoaldietan ere, hasi baino lehen, ez dago besteak baino egokiagoa den biderik. Bertsolariek lortzen duten emaitzak egingo du bidea egoki edo desegoki, eta emaitza epaituko da.

1.7. Bertsolariak binaka ari direnean, bertso bakoitza, aurrekoaren segida ez ezik, osotasun baten zati ere bada. Epaileak, bertso bakoitza ez ezik, bertsolari bakoitzak osotasunaren ikuspegitik egin duen ekarpena ere epaituko du.

1.8. Batzuetan,bertso bakoitzak adieraziko du bertsolaria zer ekarpen egiten ari zaion bertsoaldiari, eta besteetan, bertsoaldiaren amaieran argiago ikusi ahal izango da hori. Hala ere, bertso bakoitza komunikazio ekintza den neurrian, bere horretan baloratu behar da.

1.9. Banaka nahiz binaka ari direnean, gaiak eskatzen dituen elementuak eta baliabideak bertsoaldian uztartu behar ditu.

SARITUKO DIRENAKONTZAT HARTUKO EZ DIRENAK

1.10. Bertsolariak binaka ari direnean, epaileak bertso bakoitza aurrekoaren segidatzat hartuko du, eta horren arabera epaituko du: gaiari ondo ekitea, aurrekoaren arrazoibideari eta argudioei jarraitzea, gaia zehaztea, gaia zabaltzea edo eduki berriz hornitzea, aurreko bertsoari zuzenean erantzutea. Betiere, ahaztu gabe, aurreko bertsoaren segida den hori komunikazio egoera baten barruan ulertu behar dela.

1.11. Banaka nahiz binaka ari direnean, gaiak eskatzen dituen elementuak eta baliabideak bertsoaldian ondo txertatzea eta erabiltzea sarituko da.

1.12. Binakako lanean, gerta daiteke bertsolari batek aurretik esan duenaren kontrako zerbait esatea ondoren. Batzuetan, bertsoaldiaren bilakaerak zilegi bihurtzen du jarrera hori (bertso-lagunak aukera eman diolako, ia behartu egin duelako...). Halakoetan, inkoherentetzat jotzen den bertsoari ez ezik, inkoherentzia eragin duen bertsoari ere arreta jarri behar zaio, eta komunikazio egoeraren arabera neurtu biak ere. Inolako justifikaziorik gabeko kontraesan edo inkoherentzia bat gertatzen denean, ordea, epaileak ezingo du ontzat eman.

1.13. Bertsolariak binaka ari direnean, epaileak bertso bakoitza aurrekoaren segidatzat hartuko du, eta horren arabera epaituko du: gaiari ondo ez ekitea, aurrekoaren arrazoibideari eta argudioei ez jarraitzea, ez erantzutea eta gaia ixtea, ez dira ontzat hartuko.

1.14. Gerta liteke bakarkako gaia, gaia baino gehiago “egoera” izatea, eta ondorioz, gaia bertsolariak berak eraiki behar izatea. Halako ariketetan, eskaintzen diren elementu eta baliabide apurrak ez erabiltzea zigortu egingo da.

2.- HIZKERA

EZAUGARRI OROKORRAK

AHOZKOTASUNA

2.1. Bat-bateko bertsoa ahozko jarduna da, ahozkoa eta jende aurrekoa. Beraz, guztiz normala da bat-bateko bertsogintzan ahozko mintzairaren ezaugarri diren zenbait fenomeno agertzea:

- Bokal aldaketak: oa -> ua eta ea -> ia, adibidez, oso hedatua dago zenbait euskalkitan; errima direnean, bakoitza bere sailean errendiaraztea hobesten da: gaztia/ emaztia, guztia/eztia, osoa/gurasoa, sua/musua...

- Kontsonante aldaketak: ez gea / ezkea, ez da / ezta, ezdia / eztia, ez dabe / eztabe…

- Bokal galerak: bokal galera batzuk oso ohiko bihurtu dira bat-bateko bertsogintzan: zun, nun, genun, nekin, zula, nula, zenula, handina, dagola... “a” itsatsia duten hitzetan, galdu egiten da “a” hori askotan: gauzik, grazi egin, egi bihurtu, dud- ik, falt-ik...

- Kontsonante galerak: eaman, kalea, gastau, beden...

- Laburdurak: eztia, etzian, gerore, ein/in, aman

 

2.2. Ahozko mintzaira askotarikoa da gaur egun Euskal Herrian. Hainbat euskalki, azpieuskalki eta hizkera daude, eta bakoitzak ditu bere arau fonetikoak, ahoskera moduak, joskerak, lexikoa... Halaber, berezko euskalkirik ez duten euskaldunak ere badira. Aniztasun hori aurki daiteke nola bertsolariengan hala entzuleengan ere.

2.3. Bertsolaritza jendaurreko jarduna denez, jendaurreko hizkera erabili behar du bertsolariak. Kontuan hartuko du, orobat, Euskal Herriko txapelketa izanik, Euskal Herri osoko entzuleari kantatzen diola.

2.4. Bertsolariak oso txokoko diren erabileretara jotzen badu, arriskua du komunikazioa eteteko.

AHOZKOA ETA IDATZIA

2.5. Gaur egun, gizarte modernoetan, ahozko eta idatzizko moldeek hurbileko harremana dute. Ahozkoa eta idatzizkoa elkarri etengabe eraginez bizi dira. Bat-bateko bertsogintzan, beraz, elkarren ondoan ager daitezke ahozko mintzairako formak eta egiturak, eta hizkuntza idatzikoak. Bestela esan, euskalkietakoak eta euskara batukoak. Bitasun hori hizkuntzaren alor guztietan ager daiteke: fonetikan, morfologian, sintaxian, lexikoan...

KOHERENTZIA

2.6. Bertsolariak komeni zaion hura erabiltzeko joera izan du bere jardunean lehen eta orain. Gaur egun Txapelketa Nagusian parte hartzen duten bertsolariek, beren euskalki edo mintzairako formak ez ezik, beste euskalkietakoak ere ezagutzen dituzte, eta euskara batukoak ere bai. Guztiz zilegi da bertsolariek batzuk eta besteak erabiltzea, komeni zaienaren arabera, gutxieneko koherentzia baten barruan betiere.

2.7. Bertsolariari gutxieneko koherentzia eskatu behar zaio, bere jardunak ez dezan eduki anabasa itxurarik. Koherentzia neurtzeko orduan, bertsoaldia izango da muga. Neurtzeak edo errimatzeak lekarketen koherentzia falta ez litzateke egokia. Bereziki zaindu beharrekoa izango da morfologia:

- Deklinabide atzizkiak ez nahastea: batean –gaz bestean –arekin eta bestean –kilan, adibidez.

- Adizki jokatuak ez nahastea: gerade batean eta gera bestean...

- Hika/zuka/berorika erregistroak nahasian ez erabiltzea

2.8. Bertsoaren barruko koherentzia ere eskatu behar zaio, erabilitako erregistroan esate baterako.

Euskalki guztien lexikoaz baliatzea aberasgarria izan daiteke.

ZUZENTASUNA

2.9. Epaileak oso zorrotz zainduko du bertsolariek hizkuntza zuzen darabilten edo ez, baina gogoan hartu behar du zenbaitetan ez dela erraza jakitea erabilera bat zuzena den edo ez. Epaileak ezin du okertzat jo berari arrotz gertatu zaiolako soilik, eta inguruko epaileekin argitzeko aukera izango du.

2.10. Bat-bateko bertsogintzan erabilera bat zuzena den edo ez erabakitzeko, epaileak ez ditu hertsiki hartuko idatzizko hizkuntzaren arauak.

SARITUKO DIRENAKONTZAT HARTUKO EZ DIRENAK

2.11. Epaileak neurtuko du bertsolariak zer ahalegin egin duen bere hizkera komunikazio egoerari egokitzeko, eta ahalegin hori saritu egingo du hala dagokionean: rol jakinei loturiko erregistroak erabiltzea; alor semantiko jakineko hitzak edo terminoak erabiltzea gaiaren edukiek edo formulazioak bide ematen dutelako; euskalki jakinean kantatzea sinesgarritasun gehiago emateko rol bati; tonu, jarrera, ikuspegi bat indartuko duten hizkuntz elementuak baliatzea...

2.12. Bertsolariak erabiltzen duen hizkera, ahozko hizkeratik ahalik eta hurbilen izatea eta era naturalean jardutea.

2.13. Akats batzuk aipatzearren:

- Adjektiboak eta adberbioak ez bereiztea:

hobe-hobeto: hobeto da, hobe esanda; txarrago nago, txartoago da.

- Konparatiboak eta superlatiboak ez bereiztea:

gehiago-gehien, gutxiago-gutxien...

- Ezetza birritan esatea: ez dakit ezer ez; ez du ikusten ezer ez... Edo behin ere ez: Zer nahi duzu? Ezer. Noiz esaten duzu egia? Inoiz.

- Aditzaren denborak erratzea: ona (izango) litzateke, komeniko litzateke… erabili beharrean, ona izango zen, komeniko zen...

- Erdaretako kalko okerrak: gol berri bat sartu du / Aldaketa eman da / Hain da pobrea, dirua besterik ez duela

- Makulu hitzak desegoki erabiltzea: esklabo, bezero, bertute, trantzea...

2.14. Bertso hizkerak zuzena izan behar du, euskararen arauak urratzen ez dituena. Hizkuntzazko akatsek nabarmen jaisten dute testuaren kalitatea, eta akatsa nolakoa den, horren arabera jokatuko du epaileak.

2.15. Ahoskera okerrak eta zuzenketa saioak ere (gauza bat esan beharrean beste bat esan, eta berriz hastea, adibidez) ahozko mintzairaren eta inprobisazioaren beraren ezaugarri diren arren, komunikazioan eragozpena sortzen duten neurrian, eragina izango dute epaian.

3.- NEURRIA

EZAUGARRI OROKORRAK

BERTSO-LERROEN NEURRIA

3.1. Handikoen saileko estrofek 10/8 dute molde metrikoa, eta txikikoen sailekoek 7/6.

3.2. Estrofa bertsolariak hautatzen duenean, gerta daiteke bertsolariak bestelako molde metrikoak dituzten estrofak hautatzea, edo estrofa jakin bati molde metrikoa aldatzea. Bertsoaldia osatzen duten bertso guztiak molde metriko berean egitea erabakitzen badu, bertso guztietan berdin jokatu beharko du.

3.3. Estrofa bertsolariak hautatzen duenean, zilegi da bertsoaldi horretan molde metrikoa aldatzea, baldin eta komunikazio asmoak justifikatzen badu.

3.4. Etena doinuaren arabera egin behar da. Batzuetan nahitaezkoa izango den bezala, zenbait doinutan ez da beharrezkoa izango.

3.5. Aspirazioak ere (h) sor ditzake neurrian gorabehera batzuk, eta ‘h’-dun hitza modu batean ahoskatzen bada, koherentzia eskatuko da bertsoaldi berean.

3.6. Sinalefa lizentzia onargarria da baina bere neurrian.

ESTROFEN NEURRIA

3.7. Edozein neurri motatako bertsoak lor dezake, berez, puntuazio gorena.

ONTZAT HARTUKO EZ DIRENAK

3.8. Estrofa bakoitzak bere molde metrikoa du, eta molde metriko hori silabaka neurtzen da. Bertsolariak estrofa bakoitzaren molde metrikora errenditu beharko du, eta hala egiten ez duenean, gaizki neurtu duela esango dugu, eta akats moduan hartu.

3.9. Desegokia da oso bertso-lerrotik bertso-lerrorako gunean hitza puskatzea:

Hamaika aldiz egoten zine-

ten zuek guri itxoiten

3.10. Diptongo haustea (ga-ur, se-i, na-u) ez da ontzat emango, eta hiatoak desegitea ere ez (ba-goaz, zuek...). Kontuan hartu behar da, ordea, zenbait euskalkitan badirela goranzko diptongoak (nafarreraren barruko zenbait mintzairatan eta ekialdeko zenbait euskalkitan), eta horiek ezin dira juzgatu akats moduan. Horrez gainera, erdaretatik datozkigun mailegu askok goranzko diptongoak dituzte.

4.- ERRIMAK ETA OINAK

EZAUGARRI OROKORRAK

ERRIMA

4.1. Bertso orok errima behar du. Bertsoaren puntu amaierako hitzek (oinek) elkarrekin behar duten hoskidetasuna da errima (ditu eta harritu bertso bereko oin izango balira, “-itu” litzateke errima).

4.2. Bertsolariarentzat, betebeharra da errimatzea eta errimaren betebeharrak errespetatzea. Gaur egungo bat-bateko bertsogintzan, hauek dira errimaren gutxieneko betebeharrak:

- oin bakoitzaren azken silabako kontsonanteek hoskide izan behar dute eta bokalak bera izan behar du, adibidez: lege, hobe, pare, daude...

- azken silabako bokala “a” baldin bada, azken aurreko silabako bokalak ere errimatu egin behar du: gogoa, aroa, hegoa...

Azken silaba hori kontsonantez bukatzen denean, ordea (“k” ez beste kontsonante guztiak sartzen dira hor), aski izango da azken silabako “a” horri eustea: maiatz, latz, urrats, behatz...

4.3. Euskarak eskaintzen dituen ahalbide batzuk baliabide egokiak dira hitz hoskideak sortzeko. Bertsolariak bere nahierara erabil ditzake horiek guztiak, hizkuntzaren eta errimaren arauak errespetatzen baditu:

- era guztietako atzizkiak

- hitz elkarketa

- aditz konposatuak

4.4. Bertsolariari, errimatzeko orduan, gutxieneko arauak errespeta ditzala eskatu behar zaio, eta hortik abia dadila zer zerekin eta nola errimatu nahi duen erabakitzeko orduan.

4.5. Epaileak neurtuko du bertsolariak gutxieneko arauak betetzen dituen ala ez, eta oso gogoan edukiko du bertsolariak aukera bat baino gehiago duela eskura: errimaren gutxieneko arauak betetzera mugatu edo hoskidetasun zabalagoak bilatu; errimari garrantzi gehiago edo gutxiago eman komunikazio estrategian; errima betebehar soiltzat hartu edo lilura-iturri bihurtu... Hoskidetasunari eta horren funtzioari erreparatzeaz gain, ordea, epaileak oinak eta horien funtzioa zainduko du batik bat.

OINAK

4.6. Oina deitzen zaio puntu bakoitzaren bukaeran doan hitzari, eta oinek errimatu egin behar dute. Oinak, errima-hitz direnez, berez dira enfatikoak, eta gaur egungo bertsogintzan, bertsoaren antolamendua baldintzatzeko adinako garrantzia har dezakete.

4.7. Errimaren arauek eta hoskidetasun legeek oinetan hartzen dute gorputz, esanahi jakina duten hitzetan. Errimak bere legeak baditu ere, errimaren balioa, funtzioa eta garrantzia oinei eta horien esanahiari lotuta neurtu behar dira. Errimaren arauak zorrotz betetzeak, edo hoskidetasun joko estuak baliatzeak ez du esan nahi, besterik gabe, oinak aberatsak direnik.

4.8. Oinen balioa, funtzioa eta garrantzia neurtzeko, bertsoa osatzen duten gainerako osagaiekin harremanetan egin behar da, eta komunikazio egoera jakinetik abiatuta. Komunikazio egoera batzuetan (gaiak, formulazioak edo egoerak bide ematen duelako), oin batzuek indar berezia har dezakete.

4.9. Bertsolariak erabakiko du oinek zer garrantzi hartuko duten komunikazio estrategian.

4.10. Epaileak oso gogoan edukiko du bertsolariek ahalegin handia egiten dutela oinak lantzeko, gutxi erabilitako hitzak bilatu eta bertsotara ekartzeko, esparru semantiko zahar-berriak arakatzeko... Ahalegin horiek guztiak testu kantatuan gauzatuko dira, eta komunikazio egoera jakinetik abituko dira. Hortxe neurtuko ditu epaileak, gainerako elementuekin harremanean.

ONTZAT HARTUKO EZ DIRENAK

4.11. Potoa:

I) Bertso batean oin bera, adiera berberarekin, behin baino gehiagotan erabiltzea da potoa. Adiera berbera ez baldin badute, inola ere ezin da pototzat juzgatu. Potoa akatsa da.

II) Oin bihurtu diren hitzek, berez, esanahi jakina dute, baina epaileak ez dio horri erreparatu behar, hitz horrek esaldi katean (bertsoan) hartu duen esanahiari baizik. Eta ez du ahaztu behar hitz batek esanahi jakina har dezakeela, esaldi katean ez ezik, baita komunikazio egoera jakin batean ere (gai, egoera, rol... jakinean).

III) Potoa egiteko era ezberdinak ditugu beraz:

a) Poto nabarmena. Hitz bera funtzio gramatikal bera erabilita egindakoa.

b) Poto-lapsusa. Bertsolariak nahi gabe, berez erabili beharko lukeen oin baten ordez beste bat erabili eta poto egitea da poto-lapsusa.

d) Poto semantikoa. Hitz ezberdinak baina antzeko esanahia duten kasua dugu hau: onena/hoberena, alboan/ondoan

OHARRA:

Epaileak oso gogoan edukiko du euskarak ere badituela baliabide batzuk formaz berdin diren edo diruditen hitzek adiera desberdina izan dezaten. Zenbait jarraibide zerrendatuko ditugu ondoren, formaz berdin baina adieraz desberdin diren hitzen arteko harremana egoki juzgatzeko:

- Kategoria gramatikal bera ez badute, ez dute adiera bera edukiko: Pertsona heldua (izenondoa)

Kanpotik heldua (aditza)

Baditut hainbat erantzun (izena)

Ezin dizut erantzun (aditza)

- Hitz elkarketa bidez sortzen diren hitzek, bigarren osagaia bera izanik ere, bakoitzak bere adiera du: pilotaleku, topaleku…

- Zenbait aditzek aukera eskaintzen dute aditz konposatuak sortzeko; aditz konposatu horiek, bigarren osagaia bera izanik ere, ez dute adiera bera:

hitz egin / huts egin / alde egin hitzeman/antzeman/atzeman/antz eman

- Aditz laguntzaile monosilaboak (da, du, naiz, dut…) eta zenbaki monosilaboak (bat eta bi) ez dira poto, baldin eta aurreko hitzek errimatzen badute. Bestela bai. Beti baliabide aberatsa izango ez bada ere, ez da poto. Ezta “hartu du” eta “sartu du” ere.

- Polisemia kasuak ere badira: (…)

Denok txoratzen gaitu

bere bertso berriz

aho sapai ederra

eztitsua berriz

ez dakit holakorik

sortuko dan berriz.

- Beste zenbait adibide:

..egindakoagatik mila esker / .... dena lortu dut zuri esker

.....joango naiz ni ere / .... goiz itzuliko naiz hala ere

5.- DOINUA

EZAUGARRI OROKORRAK

5.1. Bertsoa testu kantatua da, eta, beraz, testua eta doinua dira osagai nagusiak. Bertsolariak testuaren eta doinuaren bitartez bideratzen du, gehienbat, bere komunikazio asmoa.

5.2. Bertsolariek ia beti dute doinua hautatzeko modua. Lehenik doinua aukeratu egiten dute eta gero eman edo plazaratu. Epaileak begiratuko du bertsolariak zer doinu aukeratu duen eta nola eman duen, eta gogoan hartuko du doinu aukera eta emateko modua funtsezko elementuak direla komunikazio asmoa gauzatzeko orduan.

5.3. Doinuak era askotakoak daude. Bakoitzak ditu bere ñabardurak (tradiziozkoak batzuetan, egoera jakinei lotzetik datozenak besteetan...), indar-guneak, espiritua, barne egitura... eta ezaugarri horien eraginez, doinu batzuk egokiak izan daitezke komunikazio egoera jakin baterako, beste batzuk oso egokiak izan daitezke, eta beste batzuk ez hainbeste.

5.4. Guztiz zilegi da bertsolari batek bere bertsoaldia ez doinu bakarrean egitea. Berbaldia antolatzeko orduan, doinua aldatzea izan daiteke komunikazio estrategiaren ardatza. Bertsolariak, hala jokatzen duenean, garbi utzi behar du aldaketa horrek zein helburu duen, eta ezinbestekoa izango zaio beste zenbait osagairen bidez egitea hori: testuaren bidez, berbaldiaren tonuaren bidez, jarreraren bidez, gorputzaren bidez.

5.5. Bertsolariek doinu berri bat plazaratzen dutenean, baliteke epaileari arrotz gertatzea, eta horrek are gehiago zailtzea epailearen lana, doinuaren eta testuaren arteko loturak nolakoak diren epaitzeko orduan; halakoetan, epaileak ahalegin berezia egingo du doinu arrotzak ez diezaion sortu oztoporik bertsoaldia barneratzeko eta egoki juzgatzeko. Epaileak doinu berriari ere erreparatu beharko dio, doinu berri horrek zer transmititzen dion eta bertsoaldiarekin bat egiten duen. Halakoetan, doinuak (melodiak eta interpretazioak) bertsoaldiari zer informazio gehitzen dion erabakitzea izango da epailearen lana.

SARITUKO DIRENAKONTZAT HARTUKO EZ DIRENAK

5.6. Mezuari laguntzen dion doinu bat

erabiltzea.

5.7. Doinua desegoki erabiltzea eta mezuari kalte egitea.

6.- TESTUA

EZAUGARRI OROKORRAK

6.1. Bat-bateko bertsoa osatzen duten hizkuntz elementu guztien multzoari deitzen diogu testua.

6.2. Bat-bateko bertsoa osatzen duten hizkuntz elementuek hainbat eduki eta erreferentzia biltzen dituzte, hainbat argudio eta argudiatzeko hainbat modu, eta horiek adierazten dute nagusiki zein den bertsolariaren komunikazio asmoa.

6.3. Bertsolariak, testua aukeratzen duenean, bere argudioak eduki eta erreferentzia jakinekin osatzen dituenean, komunikazio egoera batetik abiatuta egiten du. Komunikazio egoera horretatik abiatuta, eta helburu jakina lortzeko, bertsolariak honako aukera hauek ditu:

- berak une hartan sortu

- berak aurrez sortu, landu eta une hartan ekarri

- besteek sortu eta berak aurrez landu, eta une hartan ekarri

Aukera guztiak dira, berez, zilegi. Lehendik berak edo beste norbaitek sortu dituenak komunikazio egoera jakin batera ekartzea meritu handikoa izan daiteke, betiere egoki badator. Intertestualitate horrek, baina, topiko eta plagio arriskuak ekar ditzake.

6.4. Bertsolariak, berez, ez dauka mugarik edukiak, erreferentziak eta argudioak aukeratzeko orduan, eta inork ezin dizkio jarri (ez ideologikoak, ez estetikoak, ez sozialak...). Bertsolariak ikusiko du zer argudio erabili nahi dituen, eta zertarako erabili nahi dituen: entzulearengan emozio jakin batzuk sortzeko, aurkariaren ikuspuntuari aurka egiteko, bere ikuspuntua indartzeko, testu poetikoki bikaina egiteko...

6.5. Bertsolariak erabili dituen argudioei eta argudiatzeko moduei erreparatuko die epaileak, eta horien balioa neurtuko du. Argudio baten balioa neurtzeko, epaileak aintzat hartuko du unean uneko komunikazio egoera zein den (gaiak zein edukiren eta zein formulazioren aurrean jarri duen bertsolaria, testuingurua nolakoa den eta zein bilakaera eduki duen), eta aintzat hartuko du halaber bertsolariak nola antolatu, formulatu eta plazaratu dituen argudio horiek.

BALIABIDE POETIKO-ERRETORIKOAK

6.6. Bertsolariak beti aukeratu egiten ditu argudioak (eduki eta erreferentziak), antolatu egiten ditu, formulatu, eta, azkenik, plazaratu. Jardun horretan erabiltzen ditu baliabide

poetiko-erretorikoak.

6.7. Baliabide poetiko-erretorikoek ez dute, berez, bertsoa on egiten. Erabiltzen diren baliabideek, bakoitzak duen funtzioaren arabera du balioa, eta ez bere formagatik, itxuragatik. Baliabide horiek berbaldiaren osotasunean zentzua dutenean soilik dira egokiak. Bertsoa txartu ere egin dezakete egoki baliatu ezean, edo betegarri huts gisara erabili direnean.

BETELANA

6.8. Bat-bateko bertsogintzak, bere ezaugarriak direla eta, argudiatzeko modu bat ezarri du: azken arrazoian indar egitea. Azken arrazoia bezala, ordea, gainerako edukiak ere hautatu, antolatu eta formulatu egiten ditu bertsolariak. Horri deitzen zaio betelana, azken arrazoira iritsi bitartean bertsolariak sortzen duen testuari. Testu horrek biltzen dituen eduki eta erreferentziak bertsoaren funtsezko elementuak dira, horiek gabe ez baitago bertsorik.

6.9. Bertsoaren balioa neurtzeko, azken arrazoia bezain garrantzitsuak dira ordu arteko eduki eta erreferentziak,horiek antolatzeko eta formulatzeko moduak ematen edo kentzen baitio indarra bertsolariak komunikatu nahi duenari, bat-bateko bertsoaren eta berbaldiaren osotasuneko ikuspegiari.

6.10. Betelanak osotasunari mesede edo kalte egin diezaioke. Betelana egokia izango da komunikatu nahi den hori indartzeko balio duen neurrian, eta desegokia izango da komunikatu nahi den horri traba egiten dionean.

SARITUKO DIRENAKONTZAT HARTUKO EZ DIRENAK

6.11 Bertsolaritza ahozko komunikazio ekintza den neurrian, mezuaren mesedetan TEKNIKA egoki erabili beharra dago testua indartzeko. Mezua argi eta garbi ikusarazteari, erraz ulertzeko moduan plazatzeari emango zaio garrantzia. Alderdi TEKNIKOA ez da ahantziko, baina bere neurrian baloratuko da.

6.12 Mezuak sinesgarritasuna behar du. Topikoetatik urruntzea, sinesgarritasuna izatea eta bidea zabaltzea sarituko dira.

6.13 Bertsolariak jakin behar du estrofa bakoitzak eskakizun batzuk dituela, eta eskakizun horiek bete behar dituela bere jardunean. Estrofen eskakizun horiek aintzat hartuko ditu epaileak bertsolariaren lana neurtzeko orduan, baina zenbait erabilera ez dira izango barkagarri: testu zati ustelak, batik bat. Testu zati usteltzat joko dira betegarri huts diren zatiak.

6.14 Bertsoa luzea bada, edukiz aberatsa izan behar du, bestela aspergarria bihur daiteke. Bertso luzea, luzea izateagatik, ez da sarigarria. Betelana baizik ez duen bertsoa zigortu egingo da.

6.15 Desegoki erabiltzen diren adierak eta jokaerak ez dira ontzat hartuko baldin eta egoerak edo testuinguruak halakoak ez baditu bermatzen.

7.- BALIABIDE PARATESTUALAK

EZAUGARRI OROKORRAK

7.1. Testuz kanpoko elementuak dira baliabide paratestualak, eta, horiek ere, bertsoaldiaren zati dira. Gorputz adierazpideak eta kantaera dira baliabide paratestual garrantzitsuenak.

7.2. Bertsolariak, esan bezala, hautatu, antolatu, formulatu eta plazaratu egiten ditu edukiak, testu kantatu moduan plazaratu ere. Epaileak, bertsolariek plazaratzen dituzten edukiei ez ezik, eduki horiek plazaratzeko moduari ere begiratuko dio, bertsolariek egin dituzten aukera horien guztien komunikazio-arrakasta ez baitago soilik aukera egokia egin izanaren menpe; plazaratzeko moduak ere berebiziko garrantzia du horretan.

GORPUTZ ADIERAZPIDEAK

7.3. Bat-bateko bertsoa den komunikazio ekintzan, bertsolaria bere gorputz espresioaz balia daiteke, komunikazio egoera jakinean berak egin dituen aukera guztiak (doinua, neurria, edukiak, ikuspegia, kantaera...) eraginkorragoak izan daitezen.

7.4. Epaileak kontuan hartuko du bertsolariaren gorputz adierazpideak komunikazio estrategian zer garrantzi eta zer eragin duen. Keinuek eta, badute beren funtzioa, baina nekez beteko dituzte testuaren hutsuneak.

7.5. Gorputz espresioa, mezua eta teknikaz aparte, bertsoaren hirugarren bidea/zutabea da, eta epaileak atal guztiei erreparatuko die. Gorputz adierazpideak, dena den, bere neurrian baloratuko dira. Osagarri diren neurrian, eta ez estalgarri. Lehentasuna hitzak du betiere.

KANTAERA

7.6. Bat-bateko bertsoa plazaratzeko orduan, kontaerak berebiziko garrantzia du, bertsoa kantuz emateko moduak baldintza baitezake, askotan eta askotan, komunikazio ekintzaren arrakasta.

7.7. Kontaeraren adierazle nagusiak honako hauek dira: intonazioa, hitzen ebakera, ahotsaren modulazioa, erritmoa… Bertsolari bakoitzak, gutxi-gehiago, badu bere kontaera, eta zenbait aukera baliatzeko modua ere badu: intonazio bat edo bestea aukera dezake, erritmoarekin joka dezake (bizitu edo moteldu), ahotsa molda dezake, doinua kantatu egin dezake, edo interpretatu, edo bere erara eraman. Aukera horiek bertsolariaren esku daude.

7.8. Epaileak arretaz zainduko du bertsolariak zer aukera egiten duen, eta aukera hori nola lotzen zaion komunikazio estrategiari eta bat-bateko bertsoaren eta berbaldiaren osotasunari. Bertsolariak kantatzerakoan egiten dituen geldialdiak, aukeratu duen erritmoa edo egiten dituen erritmo aldaketak, ahots gorabeherak... guztiz baliabide garrantzitsu eta eraginkorrak izan daitezke. Halere, komunikazioa galarazten duten geldialdi nabarmenak eta entzuleari sufriarazten dioten isiluneak zigortu egingo dira.

SARITUKO DIRENAKONTZAT HARTUKO EZ DIRENAK

7.9. Baliabideak mezuen indargarri izatea.

7.10. Erabilitako baliabideak hutsuneak estaltzeko izatea.

8. DENBORA

EZAUGARRI OROKORRAK

8.1. Gaia edo puntua ematen zaionetik bertsotan hasi arte edo saiokideari erantzuten hasteko, bertsolariak hartzen duen denboraz ari gara. Kantari hasi aurreko denbora luzeegiak oso itsusi ematen du. Halere, ariketa bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuko dira denbora neurtzeko orduan. Ez dira berdinak bakarkako bertsoaldi baten aurreko denbora, edo puntuari erantzutekoa, edo binaka kantatu aurrekoa.

8.2. Bertsolariek, binakako lanetan, puntuari erantzuten eta banaka gai bat emanda ari diren jardunentzako denborari muga batzuk jartzea ebatzi da. Bat-batekotasuna da bertsolaritzaren ezaugarrietako bat, eta horri garrantzia ematea da helburua. Denbora erreferentzia hauek hartuko dira kontuan:

BINAKAKO lanak: Binaka ari direla, gehienez 30 segundo igaro baino lehen bota beharko da lehen bertsoa. Erantzuteko, ordea, 10 segundo utziko zaizkie bertsolariei, nahasmenik edo denbora gehiago luzatzeko arrazoirik ez badago (paperak nahastea, ezbeharren bat...).

PUNTUARI erantzutea: Erantzunak puntuaren jarraipena izan behar du. Ezin da etenik egon. Puntua jarri eta 5 segundorako hasi behar da puntuari erantzuten. Hasteko bizkortasuna saritu egingo da

BANAKA: Lehen bertsoak denbora dexente eska lezake, baina muga bi minututan jarriko da. Hurrengo bertsoetan, 30 segundotik beherako tarteak hartu ahal izango ditu bertsolariak. Oro har, 3 bertsoak osotasunean egiteko erabilitako denbora hartuko da kontuan.

8.3. Denboraren auzia ez da mugatzen bertsotan hasi aurreko tartera soilik; kantatzeko orduan ere badu eragina, erritmoan hain zuzen. Sortzen duen efektua neurtu behar da: batentzat erritmo eten eta traketsa dena, bestearentzat erritmo modulatu modernoa izango da. Mezuari nola eragiten dion neurtu behar da, hala ere.

ONTZAT HARTUKO EZ DIRENAK

8.4. Binakako lanetan, ez da ontzat hartuko 30 segundotik gora hartzea lehen bertsoa botatzeko, eta 10 segundotik gora hartzea erantzuteko.

 

8.5. Puntuari erantzutean, ez da ontzat hartuko bost segundo igaro ondoren hastea kantuan.

8.6. Banaka hiru bertso kantatu behar direnean, ez da ontzat hartuko bi minututik gora pasatu ondoren hastea, eta hurrengo bertsoak kantatzen hasteko 30 segundotik gora hartzea.

EPAIMAHAIAREN OHARRAK:

Epaileak 0tik 10era neurtuko du bertso bakoitza, banan-banan neurtu ere. Edonola ere, bertsoaldi osoaren puntuazioa izango da erreferentea; bertsoaldiari osotasuna, koherentzia, kohesioa eta ulergarritasuna eman diezaioketen elementuak azken bertsoaren puntuazioan bil ditzake epaileak. Hortaz, osotasun baten baitan ulertu behar da epaileen puntuazioa.