Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

XILABA V. Bertsulari Xapelketako Finala aurkeztu da Baionan

2016/11/03
Gaur arratsaldean aurkeztu da prentsaurreko baten bitartez Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko V. Bertsulari Xapelketako finala. Prentsaurreko horretan izan dira: Joana Itzaina, Bertsularien Lagunak elkarteko lehendakari anderea, Marikarmen Albizu, Bertsularien Lagunak elkarteko eragile anderea eta Antolakuntza arduraduna, eta sei bertsulari finalistak (Amets Arzallus, Maddalen Arzallus, Miren Artetxe, Odei Barroso, Sustrai Colina, eta Xumai Murua).

Hasteko Xibero, Lapurdi eta Baxenabarreko V. Bertsulari Xapelketak orain arte izan duen ibilbidearen bilan labur bat egin da. Ondoren, azaroaren 12an jokatuko den finalaz hainbat argibide eman dira.

Kanporaketen eta finalaurrekoen inguruko hainbat ohar emateko Joana Itzainak hartu du hitza :

XILABA, DONIBANE LOHIZUNETIK LARRESORORA

Orain arte bi kanporaketa eta lau finalaurreko jokatu dira xapelketaren baitan. Irailaren 24an abiatu zen bertsu-bidaia Donibane Lohizunen, eta entzuleen erantzun goxoa sentitu ahal izan genuen bertan. Urriaren 1ean Muskildin jokatu zen bigarren eta azken kanporaketa. Bi saio hauetako giro onak utzitako aho-zapore goxoz, bertsu-egarriz heldu ginen finalaurrekoetara. Aurten berrikuntza bezala lau finalaurreko ospatu dire. Urriaren 8an jokatu zen lehena Baigorrin, urriaren 15ean bigarrena Izturitzen, urriaren 22an hirugarrena Aiziritzen, eta pasa den larunbatean urriaren  29an azkena Larresoron, erabakita utziz beraz, finalean izanen diren sei bertsulariak.

Finalari buruzko xehetasunei heldu aitzin, hala ere, eskerrak emateko gogoa eta ardura sentitzen dugu. Alde batetik, gure eskerrik beroena eman nahi genieke saioetara hurbildu diren bertsuzale guziei, haiek hauspotzen baitute gure hiru lurraldeetako bertsugintza, eta haiek ere eragile baitira bertsularitzaren suspertze honetan. Bestetik eskerrak, parte hartzaile, laguntzaile (epaile eta gai egile taldeak barne) eta babesle guziei. Halaber, nola ez eskertu xapelketako ibilbide osoan bidelagun izan ditugun eta izanen ditugun elkarteak. Mila esker bihotzez, beraz,ostatuekin lagundu gaituzten Ziburuko Ikastolako Guraso taldeari, MUSKILDI BIZI elkarteari, Baigorriko BASAIZEA eta ETXAUZIA elkarteei, Izturitzeko ARTETXEA elkarteari, Amikuzeko ZABALIK elkarteari, Larresoroko OTE LORE elkarteari eta Finalean izanen diren ETXEPARE Lizeoko Guraso taldeari.

Ondoren Joana Itzainak, Marikarmen Albizuri utzi dio hitza, eta honek finalari buruzko xehetasunak aurkeztu ditu:

HELDU ZAIGU FINALA

Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko V. Bertsulari Xapelketako finala BAIONAN ospatuko da, Lauga gelan, azaroaren 12ean, 17:00etan.

Finalaurreko fasetik sailkatu diren sei bertsulari lehiatuko dira bertan: Bertsulari bakoitzak bi finalaurrekoetan ateratako puntuen batura egin ondoren, puntuazio altuena duten sei (6) bertsulariak sailkatuko dira, beraz hau da seikotea:

  • Amets Arzallus
  • Maddalen Arzallus
  • Miren Artetxe
  • Odei Barroso
  • Sustrai Colina
  • Xumai Murua

Eta hauek izanen dira saioan zehar egin beharreko lanak:

Seikotearen lana (15na bertsu puntuagarri)

  • Agurrak.
  • 8ko handian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • 8ko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • Banaka, 3 punturi erantzun.
  • 10eko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • Kartzelan bakarka, gaia emanda hiruna bertsu doinu eta neurri librean.

Buruz burukoa (9na bertsu puntuagarri)

  • 6ko mozean ofiziotan, hiruna bertsu.
  • 8ko ttikian ofiziotan, hiruna bertsu.
  • Kartzela bakarka, gaia emanda hiruna bertsu doinu eta neurri librean
  • Agurrak

Behin lanak bukatuta eta epaimahaiaren erabakia esku artean, xapela emateko momentua helduko da noski. Eta aurten, Panpili (Jean Pierre Treku) Mattin Treku bertsularien semeak jantziko dio xapela xapeldun berriari.

Halaber, aurtengo xapelketako finalean ere, orain dela bi urte bezala. Txato Saria banatuko da.

Joana Itzainak hartu du hitza berriz, Txato Sariaren inguruko xehetasunak azaltzeko:

Txato Saria

Dakizuen bezala, Aitor Renteria « Txato » bertsulari, kantuzale, euskaltzale eta ekarteko kidea izan zen. Haren ekarpenak gure artean jarraitzen du haatik, eta ekarpen hori ikusgarri egin genuen Txato Sariaren bidez 2014. urteko XILABA Bertsulari Xapelketan. Txatoren ahots ederra eta kantuzaletasuna gogoan, bere izeneko  sariak finaleko bertsularien artean kantaera aberatsena erabiltzen duen bertsularia saritzea izanen du helburu. Kantaera aberatsena erratean, doinutegi aberatsena aipatzen dugu bereziki, eta baita doinuen erabilera ere, hots, airearen eta bertsuaren edukiaren arteko koherentzia.

Sari honetarako kontuan hartuko diren ariketak, 6 bertsulariek egin beharko dituztenak izanen dira, hots, buruz-burukora arteko saioa. Eta horretarako, hiru epaimahaikide ezin egokiagoen laguntza izanen dugu : Mixel Aire « Xalbador » Bertsularien Lagunak elkarteko kide, bertsulari baxenafartarra (kantaera ederragatik ere ezaguna), Pantxika Solorzano Bertsularien Lagunak elkarteko kide, kantari eta musikari lapurtarra eta Mixel Etxekopar xiberotarra, Bertsularien Lagunak elkarteko kide, txirulari, bertsulari eta euskal kantagintzako ahots ezaguna eta ibilbide luzekoa, hiruak ere Txato ezagun zutenak.

Saioaren aitzin eta ondoren, Lauga bertan ostatua izanen da Etxepare Lizeoko Guraso taldeak antolatuta. Eta bukatzeko Xilabaren finalari segida emanez, arratseko 10etatik goiti, ZIZPA gaztetxean bestak jarraituko du. Adi antolatu duten egitarauari!!!

Izanen da ezusteko gehiago ere noski, baina hara, oraingoz, heldu den larunbatean jokatuko den finalaz erran dezakeguna. Ez dugu dudarik besta egun handi bat izanen dela, eta denak gomitatuak zirezte noski, bertan parte hartzera. Goza dezagun, eta goxa gaitezen! 

Finaleko sarrerak salgai izanen dira aitzinetik, ondoko lekuetan

Senperen: Larraldean, Bertsularien Lagunak Elkartearen egoitzan.

Baionan: Elkar Megadendan.

Hazparnen: Xuriatea ostatuan.

Donibane Garazin: Luisenea ostatuan.

Pausun: Xaia ostatuan.

Maulen: Xiberoko Botza irratian.

Itsasun:Krakadan.

Internetezwww.bertsosarrerak.eus helbidera joanez.

- Aitzinetik erosiz, 18 euroren ordez 15 eurotan izanen dira finaleko sarrerak.