Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Larunbatean ospatuko da Larresoron XILABA xapelketako azken finalaurrekoa

2016/10/25
Irailaren 24an Donibane Lohizunen abiatu zen Xilaba, Muskilditik, Baigorritik, Izturitzetik eta Aiziritzetik pasa ondoren, datorren larunbatean urriaren 29 iritsiko da Larresorora. Bertan jokatuko den azken finalaurrekoan Sustrai Colina, Odei Barroso, Xumai Murua, Eneritz Zabaleta, Aitor Servier, eta Ramuntxo Christy bertsulariak neurtuko dira. Maiana Irigoien arituko da gai-emaile lanetan Larresoroko Herriko gelan. Saioa 17:00etan hasiko da. Sarrerak bertan izanen dituzue salgai.

Larunbatean jokatuko da Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko bertsulari xapelketaren bosgarren edizioko azken finalaurrekoa. Larresoroko herriak hartuko du Xilaba. Bertan erabakita geldituko da, nortzuk izanen diren Baionako Finalean kantatuko duten 6 bertsulariak.

Bertsulariak:

Sustrai Colina

Zuzenbidean lizentziatua da. Kazetaritza lanak egiten ditu. Hendaiako bertsu-eskolan ibilitakoa da, ikasle hasieran, erakasle gero. Lau aldiz finalista izan da Bertsolari Txapelketa Nagusian. 2014. urteko XILABA xapelketako xapelduna da eta xapelketa hontan bere bostgarren partehartzea izanen du.

Odei Barroso

Urruñakoa da eta Azkainen bizi da. Bertsularitza eskolak ematen ditu Xibero, Lapurdi eta Baxenabarreko ikastoletan eta bertsu-eskoletan. 13 urterekin hasi zen bertsutan, eta Hendaiako bertsu-eskolan ibilia da. Bi aldiz hartu du parte Txapelketa Nagusian, eta bostgarren aldiz parte hartuko du Xilaban.

Xumai Murua

Jaiotze data:1985/01/17 Sorlekua: BAIONA (Lapurdi) Ofizioa:Gorputz Heziketako erakasle Bizilekua:AZKAINE (Lapurdi) Bertsuzaletasuna etxean jasoa, bertsu-eskoletan ibilia, geroztik plazaz plaza ari. Aurten bostgarren aldiz parte hartuko du Xilaban.

Eneritz Zabaleta

Unibertsitateko irakaslea da. 11 urte zituela hasi zen bertsuzaletzen, eta geroztik, eskolarteko hainbat xapelketatan eta sariketatan parte hartu du. Lehen aldiz parte hartu zuen iragan Bertsolari Txapelketa Nagusian. Bosgarren aldiz parte hartuko du Xilaban.

Aitor Servier

Azkaindarra da eta 19 urte ditu. Donibane-Lohizuneko ikastolako bertsu-eskolan hasi zen 9 urterekin. Hendaiako eta Etxepareko bertsu-eskoletatik igaro ondotik, gaur egun Larraldeako bertsu-eskolan dabil. Eskolarteko xapelketan eta gazte sariketetan hainbat aldiz parte-hartu eta sari batzuk jaso ditu. Bigarren aldiz hartuko du parte Xilaba xapelketan.

Ramuntxo Christy

Aiherran sortua, egun Amikuzen bizi da. Gaztetik senditzen zuen bertsu zaletasuna garatu du bertan, Mauleko bertsu-eskolan sartuz 2005an, eta Xiberoko Bertsu Ekartearen ardura eramanez. Euskal irratietan Punttuka bertsularitzari buruzko irratsaioa animatu du Xan Alkhatekin. XILABA xapelketan parte-hartzen du 2010a geroztik. Ofizioz mekanika injenidore.

Gai-emailea Maiana Irigoien izanen da.

Egin beharreko lanak:

13na bertsu puntuagarri

  • Agurrak.
  • 8ko handian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • 8ko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • 10eko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertsu.
  • Kartzela banaka, 2 puntuari erantzun eta gaia emanda 2 bertsu
  • Agurrak.    

Sarrerak:

Saioa Larresoroko Herriko Gelan izanen da arratsaldeko 17:00etan hasita.

Finalaurrekoetako sarrerak leihatilan eskuratu ahal izango dira egunean bertan.

Finaleko sarrerak eskuragarri egonen dira www.bertsosarrerak.eu atarian zein Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko hainbat puntutan.

Xapelketari buruzko informazioa www.bertsozale.eus/xilaba eta www.bertsoa.eus atarietan jarraitu ahal izango da.